Aukerak sortu

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2018ko urr. 21a, 18:22

Urria hastearekin batera ekin nion Madrilerako bidaiari, komunikazio politikoan sakontzeko asmoz. Masterreko gaiak kontuan izanik, klasekideen artean politika gaiez hitz egiteak nahitaezkoa dirudi. Klase arteko tarte luze horietako batean, hizpide izan genituen nazio izaerak eta horietako hizkuntzak: Katalunia, Galizia, baita Euskal Herria ere. Gai hark klasekide baten kuriositatea piztu zuen. Portugaldarra bera, harrigarria egin zitzaion, ni “Espainian bizita”, nire lehen hizkuntza gaztelania ez izatea, eta ulergaitz egiten zaion hizkuntza bat hitz egitea: euskara.

Mugimendu independentisten aferaz, berak ezagun zuen Kataluniako egoera politikoa, ez, ordea, Euskal Herrikoa. Kosta ere egiten zitzaion zeri buruz ari ginen asmatzea: nik Euskal Herria nioen, gainerakoek Euskadi edo País Vasco, eta Navarra (guztiek ere Ipar Euskal Herria kanpoan utzita).

Halako batean, klaseko hainbat lagun garagardo batzuk hartzera atera ginen lehen aldian, han etorri zitzaidan galdezka: “Eta zuek independenteak izateko aukerarik baduzue?”. Aukerak sortu egin behar direla erantzun nion. Ez dakit zer ulertu zidan, baina gure egoera politikoa ulertzen saiatzeko gogoa piztu zaio.