Zaraiako mendialdea zeharkatuko du Indamendik igandean

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2023ko ots. 20a, 09:31

Datorren igandean, otsailaren 26an, ibilbide luzeko goizeko irteera proposatzen dizuegu. Urkulluko urtegitik (Aretxabaleta) Arantzazuko bailaran dagoen Araotzeraino joango gara (EH_10). 15 kilometro eta 1.050 metroko desnibel metatua duen ibilbidea da, eta Zumaiatik nahiko gertu dagoenez, goizeko irteera egiten saiatuko gara.

Ibilbideak lehen mailako hiru gailur ditu: Elorreta, Aranguren eta Andarto (azken horretara joango gara nahikoa denbora badugu). Eta, gainera, Kurtzebarri haraneko begiratokia eta Degurixa haran ezezaguna ere ikusiko ditugu. Zaraia mendilerroa Urbiako zelaiek estaltzen dute, baina bitxi txikiz beteta dago. Zoragarria da proposatzen dizuegun ibilbide hau.

Animatu eta eman izena ostiraleko eguerdia baino lehen gure webgunean edo goiko estankoan (943-86 03 57). Ohi bezala, autobusa 7:30ean aterako da Txomin Agirreko geralekutik.  7 euro kostatuko zaie helduei eta 5 euro umeei. Gogoan izan gure irteeretan parte hartzeko ez dela bazkide izan behar eta beraz, edozein zalek eman dezakeela izena.