Larunbatean Sierra Salvada/Gorosbel mendialdera goaz

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2022ko ira. 7a, 10:00

Ikasturte hasierarekin batera, gure mendi egutegiarekin jarraitzeko garaia heldu zaigu. Datorren irteera, arraunketaren festarekin uztartzeko, irailaren 10ean izango da, larunbatean alegia.

Irteera honetan Sierra Salvada/Gorosbel mendialdera goaz. Urduñako inguruetatik abiatuta, lehenbizi Txarlazo (933 metro) mendira zuzenduko gara, Urduñako bailara ikusteko balkoirik onenera, hain zuzen. Dena den, tontor hau bertan 1903tik dagoen eraikin erlijiosoagatik da ezaguna, 25 metroko monumentua Antigua amabirjinaren omenez baitago bertan. Hortik, ekialderantz, Angoño menditik pasatuko gara, Fraileburu deitzen den haitz bitxiaren ondotik. Azken hau, Euskal Herriko eskaladaren aitzindaritzat dute, 1924an gainditzea lortu zenetik. Guk Santiago (944 metro) mendiraino jarraituko dugu, puntu horretan beherantz joanda, Delika auzoan amaitzeko.

Animatu, eta egin gurekin 17 kilometro hauek, merezi dute eta. Desnibel metatua 720 metrokoa denez, jende guztiarentzat egokia dela deritzogu. Egun osoko txangoa izango da, eta eguraldiak laguntzen badu jatordua bidean egiteko soinean eramatea komeni da. Animatzen zaretenok, goiko estankoan (943-86 03 57) edo gure webgunean izena eman dezakezue. Autobusa, ohi bezala, Txomin Agirreko geltokitik 7:30ean aterako da, eta 13 euro helduentzat eta 7 euro umeentzat balioko du. Gogoratu gure irteeratan parte hartzeko ez dela beharrezkoa bazkidea izatea, eta edonorrek izena eman dezakeela.