Beriain bisitatuko du Indamendik asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2021ko urr. 13a, 11:30

Ostiral eguerdia baino lehen eman beharko da izena irteeran parte hartzeko, Goiko estankoan. 

Datorren igandean Beriainera goaz, aspalditik jendeak eskatzen digun irteera klasikoa. Sakanatik begiratuta, bere 1493 metroak itxura izugarria erakutsi arren, benetan besteengandik bereizten duena 900 metrotako desnibela da. Behin hori gaindituta, aurrez aurre, gain lau eta bitxiez hornitutako ingurua dugu. Amildegira ikuspegiak, tontorreko gurutzea, cromlech-ak eta nola ez, San Donatoren ermita. Itzultzea merezi duen leku paregabea da.

Unanuatik abiatuta, 10 kilometro eta 900 metrotako desnibel metatua duen ibilbideak Uharte Arakileraino eramango gaitu. Goiz buelta honetara animatzen zaretenok, eman izena ostiral eguerdia baino lehen Goiko estankoan (943-86 03 57). Txomin Agirreko geltokitik 7:30ean aterako den autobusak ohiko prezioak izango ditu: 13 euroren truke helduak, eta 7 euroan haurrak. Gogoratu babes neurriak betetzen jarraitu behar dugula eta musukoa jantzita ekarri behar dela.

Animatu zaitezte, merezi du eta!