Baztanera egingo du irteera larunbatean Indamendik

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2021ko ira. 7a, 08:30

Irteeran parte hartzeko, ostiral eguerdia baino lehen eman behar da izena, Goiko estankoan. Egun osoko irteera izango da; eguraldiak laguntzen badu, mendian bazkalduko dute. 

Baztanaldera egun osoko irteera bat egingo dugu larunbatean. Oraingoan, irailak 11ean izango da. Aldude herritik abiatuta, Argañetatik (1004m) lehenbizi eta Hauzara (1304m) ondoren, estatuen mugetatik egingo dugu zeharkaldia. Baztan eta Iparraldeko ikuspegi zabala eskaintzeaz gain, inguruan larreak eta tontor harritsuak ditugu, batez ere, Hauza bera. Beherako bidean Xorroxineko urjauzia dago, Baztan-Bidasoa ibaiaren jaiotza. Eta ibilbidea Erratzun amaituko genuke.

Guztira 18 kilometrotako ibilbidea da, eta 1069 metrotako desnibel metatua. Eguraldiak laguntzen badu, mendian bazkalduko genuke, beraz, gogoratu janaria motxilan sartzea. Animatzen zaretenok, eman izena ostiral eguerdia baino lehen Goiko estankoan (943-86 03 57). Txomin Agirreko geltokitik 7:30ean aterako den autobusak, ohiko prezioak izango ditu, 13 euro helduentzat eta 7 euro haurrentzat. Gogoratu babes neurriak betetzen jarraitu behar dugula eta musukoa jantzita ekarri behar dela.