Untzueta eta Arrugaetako Atxa bisitatuko dituzte Indamendikoek asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2020ko ots. 12a, 08:04

Goiko estankoan eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek, ostiral eguerdia baino lehen. 

Igandean, hilak 16, Bizkaialdera egingo du irteera Indamendik. Oraingo honetan, Untzueta (720 metro) eta Arrugaetako Atxa (669 metro) bisitatuko dituzte mendizaleek. Mendigisa mendialdea Gorbeian kokatuta dago, baina harrobiz eta komunikazio antenez betetako ingurua da, baso-ustiapen ugari jasoa. Goialdean, ordea, naturaren eskuetan jarraitzen du mendilerroak. 

Arakaldo herrixkatik abiatu eta Untzuetara joko dute lehenbizi, eta mendilerroa jarraituz, Arrugaetako Atxatik pasatuta, Bixkogane errepide gainean itxarongo die itzulerako autobusak. Guztira, 13 kilometroko ibilbidea da, 907 metroko desnibela duena, eta lau ordu eta erdian egiteko modukoa da. 

Izena emateko, Goiko estankora (943-86 03 57) jo beharko da ostiral eguerdia baino lehen. Helduek 7 euroren truke eman dezakete izena; haurrek, 5 euroan. Autobusa Txomin Agirre geltokitik irtengo da 7:30ean.