Tellamendira joango da Indamendi abenduaren 1ean

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2019ko aza. 25a, 09:13

Egutegia bukatu aurretik goiz buelta eder bat dugu datorren iganderako, Tellamendi mendira, hain zuzen ere.

Arabako mendi horretara joateko Durangaldeko Arrazola auzotik abiatuko gara. Anboto ondotik bide maldatsuak Andasto (822m) gainera eramango gaitu. Bertatik, Anbotoz gain, Izpizte eta Udalatxeko ikuspegiak ere eskaintzen dizkigu. Hortik aurrera, Tellamendiraino erraz helduko gara. Bere 834 metrotako garaiera gurutze haundi batek luzatzen du, bailarako edozein baztarretik ikus dadin. Itzultzeko autobusak Aramaioko Ibarran itxoingo gaitu.

Guztira 12 kilometro eta 600 metrotako desnibela ditu igandeko erronkak. Lau ordutan erraz egiteko modukoa da. Animatu zaitezte eta eman ezazue izena goiko estankoan edo 943 86 03 57 telefonoan ostiral eguerdia baino lehenago. Gogoratu Txomin Agirreko geltokitik 7:30ean aterako garela eta bere prezioa 7€koa helduentzat eta 5€ umeentzat izango dela.