Txaradigorrira, uztailaren 14ean

Erabiltzailearen aurpegia INDAMENDI M.B. 2019ko uzt. 8a, 10:09

Oporraldi aurreko azken irteera egingo dugu uztailaren 14ean, Altzania mendialdeko Txaradigorrira hain zuzen ere.

Atauneko Kaxetatik abiatuta, pagadi zabaletatik zehar, GR-283ra igoko gara. Basoak bide guztia estaltzen du, eta, bere babesean, hainbat tontor eta historiaurreko aztarna ditugu ikusgai.

Txaradigorri, bere 983 metroekin, inguruko garaiena da. Jarraian, Dolmenetako ibilbidea bezala ezaguna den bidearekin bat eginda, Etxarri-Aranatzen amaituko dugu. Eguraldiak laguntzen badu, bainu batekin freskatzeko aukera egongo da.

Guztira 16 kilometro eta 650 metroko desnibela du eta sei ordu beharko ditugu betetzeko. Egun osoko irteera honetara animatzen zaretenok, ostiral eguerdia baino lehenago izena eman behar duzue goiko estankoan (943 860 357). Autobusa Txomin Agirreko geltokitik 7:30ean aterako da, ohi bezala, eta bere prezioa 13 euro helduentzat eta 7 euro umeentzat izango da.