Grebek ez dute ezertarako balio

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubimendi Zialtzeta 2022ko urr. 10a, 06:03

Zenbat aldiz ez ote dugu entzun esaldi hau? Eta, zenbat du egiatik, eta zenbat gezurretik?

Gai ezberdinei buruz dugun iritzia ez da bat-batekotasunetik sortzen; bizipen gehiagoren edo gutxiagoren ondorio izaten dira iritziak.

Grebaren balioari buruz, adibidez, nork ez du ikasle garaian greba egin jai egitearren? Deialdiaren gaia edozein zela ere, ikasleon motibazioa gehienetan eskola orduetan jai egiteko aukera izaten zen, lehen greba deialdi horietan, behintzat (eta batzuentzat, beti).

Lehenengo greba deialdiak institutuan hastearekin batera bizitzen ziren gure garaian (gaur egungo DBH3), eta martxan zegoen tren batera igotzea bezala zen: zaharragoek egiten zuten normalean deialdia, eta, askotan, bozketan zer emaitza eman behar zen adierazten ziguten zeharka, baiezkoa normalean (zertarako egingo zuten, ba, bestela, grebarako deialdia?).

Etxean grebaren zergatia galdetzen zigutenean, zailtasun handiak izaten genituen erabaki hori hartu izanaren arrazoiak azaltzeko. Jakina, jai egin nahi genuela esatea ez zen oso itxurosoa…

Gurasoek desadostasuna adierazten baziguten, "Nik ezetz bozkatu det, baina baiezkuak erten du" erabiltzen genuen aitzakia gisa, baina denborarekin arrazoi hori ere ez zen sinesgarri mantentzen (noizbait sinesgarri izan bazen…). Nire kasuan, gurasoek nire esku uzten zuten erabakia, baina etxera arrazoiak ondo zehaztuta azaldu beharra nuen, grebaren erabilpen desegokiari buruzko txapa ekidin nahi banuen, behintzat.

Eta, orain, ni naiz DBH3ko ikasle baten aita, eta gure seme honek egin du bere lehen greba: "Aldaketa klimatikoaren aurka eo horrelako zeoze, aita, Greta Thunbergek martxan jarri zuen zea hori, aita", eta emazteak eta biok gure gurasoek hartutako bidea hartu dugu; alegia, galdeketa martxan jarri: zergatik egin duzue greba? Nola izan da bozketa? Nork egin du deialdia? Debaterik izan al duzue gaiari buruz? Eskola orduetan jai egiteak zer onura ekarriko dizkio aldaketa klimatikoaren aurkako borrokari? Jai egiteaz gain, beste zer ekintza daude programatuta?… "Joe, ze txapa!", semeak… (Bai, semeari burutik behera ur baldekada bat botatzea bezalakoa izan da galdeketa, aitortzen dugu, gu ere ikasten ari gara egoera hauek kudeatzen, orain arte ez genuen seme neraberik izan, zer nahi duzue?).

Itzul gaitezen harira. Ikasle garaian greba deialdien erabilpen desegokiak, gerora bere baliagarritasunari buruzko zalantzak sendotzeko balio duela esango nuke nik. Helduoi (guraso, irakasle, sindikalista eta abarri) dagokigu ikusaraztea greba ez dela eskolan edo lanpostuan jai egitea bakarrik, hausnarketa baten ondorio izan behar duela, eskolara/lanera ez joateaz gain, beste ekintza batzuez osatutako ekitaldi bat dela.

Helduon artean ere, ordea, grebek ezertarako ez dutela balio nahikoa zabalduta dago, eta bukatzen ez den sokaren itxura du gaiak. Nola hitz egin grebaren baliagarritasunari buruz, ardura duenak ez badu horretan sinesten?

Nik sinesten dut grebaren baliagarritasunean. Langileok eskura dugun tresna potentea dela uste dut, betiere ondo erabiltzen bada, noski. Goian aipatutako galderei erantzuna emateko gai izan beharko genuke greba deialdi bat dagoenean, baina zenbaitek "ze txapa…" erantzungo digutelako susmoa dut…