Bakarrik ez, elkarrekin bai

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ostolaza Esnal 2020ko eka. 2a, 09:30

Jada hilabete pare bat igaro da Covid-19aren eragina zuzenean iritsi zitzaigunetik. Ezin esan urte hasieran inork espero genuela 2020ak norabide hau hartu behar zuenik. Paradoxikoki, etxean bakarturik pasa ditugun bi hilabete hauek mahai gainean ipini dute, besteak beste, etorkizunerako dugun elkarren beharra. Herritar guztiok bezala egindako gogoetez gain, Udalean egoera hau bizitzea tokatzen ari zaidan aldetik bi hilabete hauek erakutsi didatena labur azaltzea ez da ariketa sinplea.

Alde batetik, egoerak erakutsi digu Udala herritarrengandik gertuen dagoen instituzioa izanik, gure txikitik aurre hartu behar izan diegula baliabide eta egitura erraldoiak dituzten beste administrazioei. Alde horretatik, momentu askotan bakar-bakarrik atera behar izan ditugu babak eltzetik, Udaletik pentsatu, sortu eta garatu behar izan ditugulako iniziatibak, beste inongo administrazioren laguntzarik gabe. Lehen urrats gisa zenbait udal ekipamendu ixteko erabakia hartu genuenean, argi ikusi genuen ezin genuela beste inoren laguntzaren zain egon egoerak eskatzen zituen erabakiak hartzeko. Hori horrela izanda ere, ez gara bakarrik sentitu.

Izan ere, hasiera-hasieratik uste izan genuen egoera honi aurre egiteko giltza kolektiboan eta elkar zaintzan zegoela, eta lehentasuna gehien behar zutenengan jarri behar zela. Zumaiarrok etxean gelditu beharko genuela ikusita, Gaztetxekoekin batera auzolan sarea sortzeari ekin genionean, berehala ikusi genuen herri honen erantzuna: hamarnaka boluntariok eman zuten izena lehen egunetik. Ordutik gaur arte, zumaiarrek auzolanean erantzun diote sortutako behar bakoitzari: makerrek babes materiala sortzeko, herriko ostatuek behar duten zaintzaileei doako ostatua eskaintzeko, herriko enpresek Internet konexiorik ez duten ikasleen beharrak asetzeko, jostun sareak zumaiar guztiontzat izango diren maskarillak egiteko, etab. Auzolan sareez gain, erabakiak hartzeko orduan ere herritarrei entzuteak irakatsi digu zerbait. Santelmoekin lotuta hartu beharreko erabakia herriko eragile eta tabernariekin partekatuta hartzeak edo egunerokoan adinekoen egoitzetako arduradun eta langileekin harreman zuzena mantentzeak bidea argiago ikusteko balio izan digute. Hori horrela, Zumaiarrek emandako erantzun bikainari esker, elkarrekin lehen fase honen beharrak txukun ase ditugula uste dut. Udal mailakoak ez ziren hainbat behar ere herritik ase dira, elkarlan horri esker.

Orain, ordea, beste fase batean sartzera goaz. Berehalako babes erantzunaren garaitik epe luzeagoko babesaren garaira begira jartzea dagokigu. Neurri handi batean, egoera honek sortuko duen kolpe ekonomikoari erantzun beharra tokatuko da orain. Azken bi hilabeteetan ateratako irakaspen horrek erakusten digu bidea: badakigu inor ezin dugula atzean utzi, eta ahulen daudenak babestea da lehentasuna. Eta badakigu bidea elkarrekin egin behar dugula, erabakiak eta ekimenak partekatuta aterako direla aurrera, auzolanean. Horrekin lotuta, duela aste batzuk Udaleko alderdi guztien ordezkariok erabaki konpartituak hartzeko helburuarekin martxan jarritako mahaiak hartu duen azken erabakia: herriko enpresa eta komertzioei laguntzeko ez-ohiko dirulaguntza lerroak zabaltzea.

Erronka potoloa izango da, bai herritarrontzat, baita Udalarentzat ere. Egoerak denok ispiluaren aurrean jarri gaitu, gure ahultasunak erakutsi dizkigu, baina bi hilabeteotan eman diogun erantzunean gure indarguneak ere aurkitu ditugu. Ez gaude bakarrik, elkar zaintzeko gaude, bizitzeko.