LANTZAGIRUA - Kontxagirua

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Aristi 2020ko abu. 31a, 21:51

Amaitu da KAE liga, 12 estropadez osatutako denboraldi baten ostean, sailkapenean 8. postuan bukatu dugu.

Asteburu honetan Castron tokatu zaizkigu estropadak, larunbat eta igande goizetan. Giro narratsa bi egunetan, albozkako olatu handia, haize zakarra... Itsasoa exijente zegoen.

Larunbateko estropada hitz batean deskribatu beharko banu: GOZATUA. Itsasoko estropada gordina, arraun egin beharrekoa, traineruari palka eta txapa lateralak jarri behar zaizkionean, estropada mugitua izango den seinale. Irteera Castroko hondartzatik zen, beraz, portuko barrak ematen duen babesari esker lehenengo minutu t'erdia nahiko bare zegoen. Taktika erraza zen, irteera eta minutua egurra eta gero, #RemaLe. Esan eta egin, nahiko estropada borobila atera zitzaigun eta 2. txandan borroka pixka bat eman ondoren, 3. sartu ginen, Camargo eta Arkoteren atzetik eta San Juanen aurretik, 7. guztira. Nik pertsonalki disfrutatu egin nuen, horrelako estropadak jokatzeko merezi du pena horrenbeste entrenatzeak.

Igandea, leku berdina, ordu berdina, txalupa berdina, taktika berdina, giro antzekoa... estropada hitz batean deskribatu beharko banu: desastre. Lehenengo luze nahiko txukun baten ondoren, ziabogara Castrotik sartu eta Castropoletik atera ginen, eta gero, burua hotz mantendu eta #RemaLe egin behar zen momentuan ez genuen ezertxo ere ez asmatu. Horrelako estropada exijenteetan arraunean gaizki eginez gero, asko zailtzen da dena eta gozamena izan zitekeena sufrimendu hutsean bihurtzen da. Txandan azkenak ondo eginda amaitu eta 8. egin genuen estropadan.

Emaitzari bakarrik begiratzen dionak, alde handirik ez dagoela esango du, larunbatean 7. eta igandean 8., postu bakarreko aldea. Niretzako gozatzea eta sufritzearen arteko aldea izan zen. 

Liga bukatuta, azkenengo bala geratzen zaigu, osteguneko Kontxako sailkapen estropadarako gordeta genuena. Urteko estropadarik politenetariko bat iruditzen zait, bertan arrauneko anbiente ederra sortzen baita eta Kontxako bandera berak arraun munduan suposatzen duen guztiagatik berezitasun handia ematen dio. Hala ere, aurtengo egoerak anbientea asko gutxituko du, baina espero dugu zumaiarrok telebistari begirada bat botatzen egotea (bolumena kenduta igual hobe) mirariaren zain. %0,1eko sartzeko aukerak izanda ere, talde optimista konsideratzen gara, eta aukera dagoen bitartean, orain arte beti egin izan dugun bezala, DENA emango dugu.

Ekipo! INGO AL DEU??

Keep calm
        & 
 #RemaLe