LANTZAGIRUA - Onena heltzear dago

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Aristi 2020ko uzt. 27a, 21:08

Abuztua ate joka dugu. 3 aste pasa dira ligari hasiera eman genionetik, eta hilabete besterik ez zaigu falta amaitzeko. 

Hau hasi besterik ez da egin eta bukaera bertan dagoelaren izugarrizko sentzazioa daukat. ARC Ligako 4 estropada egin ditugu eta 8 geratzen dira, herena eginda dagoenekoz. 8 estropada horiek abuztuko 4 asteburutan jokatuko dira, larunbat eta igandeak aprobetxatuz. Eta hau guztia, pandemiak uzten badu. 

Pasa den asteburuan ere, bi estropada izan genituen. Getaian Zumaiako ikurriña jokatu zen (txiste gehiegi okurritzen zaizkit honi buruz, guztiak txarrak) eta igandean Pasaiako badia barruan izan genuen estropada, 5 ziaboga eta 6 luzeetara (hau dek gogua guri sufritzen ikusteko). 

Asteburu ona izan da guretzat, 7. eta 8. postuekin geratu ginen hurrenez hurren, atzeko postuetatik pixka bat alde egin eta lasaitasun gehiagorekin ibili ahal izateko. Aipatzekoa, Unai Osa "Buruji"-ren itzulera Telmo Deuneko txopara, konfinamendu kontuak direla eta, esku bat botatzera etorri da arraun luzera. Gas. Getaian, bitxikeri moduan, salida jo eta berehala Ion Iriondo "Iriondo Tzarra"-k arrauna apurtu eta traineru erdian egon ohi den ordezko arrauna hartu behar izan zuen, apurtutako arrauna uretara bota eta ondorioz 3 segunduko zigorra jasoz. Epaileei hemendik esan, hurrengoan traineruan gorde eta gero bere gelako paretean jarriko duela arrauna, oroigarri gisa, ea horrela zigorrik ez dagoen. Igandekoan, ez genuen arraunik apurtu, baina nahikoa txikituta bukatu genuen arraunlariok, 5 ziabogetako estropadak esfortzu gehigarria eskatzen baitzuen.

Emaitzak baino hobeak izan ziren gure sentsazioak. Gure arraunketa aurkitzen ari garelaren eta pixkanaka goraka goazen sentsazioa dugu, eta horrek lanean jarraitzeko gogo handiak ematen ditu. Traineruen artean segundu gutxi banatzen dira, horrek esan nahi du detaile txikiek markatuko dutela diferentzia, beraz gure esku dagoen guztia egin beharko dugu segundu horiek gure alde erori daitezen. Abuztua arraun munduari dagokionez polita datorrela aurreikusten dut, onena heltzear dago, seguru nago guretzat ere horrela izango dela.

Aste honetan ez dugu estropadarik, euskadiko eta espainiako traineru txapelketa baitaude jokoan. Horrek deskantsua izango dugula esan nahi du? Ez, horrek estropaden pareko entrenamenduak jarriko dizkigutela esan nahi du (earra zikau). Gure hobekuntza ekartzen badute, ongi etorriak izango dira!


 Keep Calm
        & 
 #RemaLe