“…handik aurrera euskaraz hasi ginen”

Erabiltzailearen aurpegia

Imajinatu bi egoera hauek:

BAT. Ia egunero bezala dendara sartu, eta “egunon!” esan ondoren, hau eta bestea eskatu dizkio dendariari. Betiko laguna da. Eta berriketan jarraitu du, seme-alaben ikasketez eta abenturez. Ohiturari jarraituta, lau hitz euskaraz, beste guztia erderaz. Dendariak ere ia beti halaxe egin izan dio, nahiz eta biak etxean euskaraz hazi zituzten gerra ondoren sekulakoak pasatako guraso abertzaleek. Baina oraingo honetan, dendariak ia dena euskaraz erantzun dio, eta oso gutxi erdaraz. Bost minutuko jarduna azkar pasa da eta “egun ona pasa!” esan diote elkarri. Dendariak erabakia hartua dauka: hemendik aurrera, euskaraz dakitenekin, euskaraz.

BI. Ostiralero bezala, ordenagailua martxan hasi bitartean, astebururako planak kontatzen hasi zaio ondoko mahaiko lankidea. Larunbat goizean alaba batek eskubaloia, iluntzean besteak kontzertua… eta igandean, egun pasa Kontxako estropadetara. Dena ordenagailuaren eta mahai gainean dauden dokumentuen hizkuntza berean: erdaraz. Lankidea entzun ahala, enpresako euskara irakaslearen esanarekin akordatu da (“saiatu lankideei euskaraz ulertzen”). Baina euskaraz ederki asko dakiten lankideek ez diote gehiegi laguntzen: dena erdaraz! Hala ere, ostiral horretan, zerbait pasa da: lankidea, pixkanaka-pixkanaka, euskaraz hasi zaio. Egoera artifizial xamarra sortu da hasieran, pixka bat kosta da, baina konturatzerako, lankideak euskaraz jarraitzen zuen, nahiz eta berak gaztelaniaz erantzun. Ordenagailua espabilatu denerako, proiektuen koordinatzaileak bilerara deitu ditu bi lagunak. “A ze sorpresa eman didana honek: oso ondo ulertzen du euskaraz!”. Bilera erdara hutsean izan beharrean, euskaraz ere egin dute, lehenengo aldiz.

Zumaian horrelako egoerak ez dira egunero gertatzen, kosta egiten delako erdaraz hitz egiteko ohiturari buelta eman, eta euskaraz hitz egitera edo ulertzera ohitzea. Baina beste alde batetik, gertaera ezezaguna ere ez da zumaiarrontzat: denok ezagutzen dugu baten bat, erdaraz asko egitetik euskaraz asko egitera edo ulertzera pasa dena.

Hain zuzen ere, “Euskaraldia” deitzen den ekimenak horrelako edo antzeko ohitura aldaketak nahi ditu bultza, eguneroko jardunean euskara gehiago erabiltzeko helburuarekin. Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo da azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Erakunde publikoek eta euskararen aldeko eragile sozialek bat egin dute ekimena antolatzeko. Hamaika egun horietan kontua ez da izango euskararen alde agertzea, baizik eta euskaraz hitz egitea eta ulertzea ahal den gehien. Euskal Herri osoan.   

Euskaraldian parte hartzeko, izena eman behar da, irailaren 20tik aurrera. Euskaraldia antolatzeko lan taldeak sortu dira, Zumaian ere bai, eta izen ematearen eta gainontzeko kontuen berri laster emango da. Herritar batzuek “Ahobizi” modura emango dute izena: euskaraz ulertzen dutenei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute. Aurrean dagoena euskaraz moldatzen den ala ez den ez dakitenean ere, lehenengo hitza euskaraz egingo dute Ahobiziek. Beste herritar batzuek, berriz, “Belarriprest” modura jardungo dute Euskaraldian: euskaraz dakitenei esango diete euskaraz egiteko beraiekin (“Niri euskaraz”). Belarriprest batzuek euskaraz egingo dute eta beste batzuek ez, norbere gaitasun eta ohituren arabera.

Zumaiarrok era guztietako arrazoiak dauzkagu euskaraz gehiago egiteko. Denak dira zilegi eta aberasgarri. Ohitura poliki-poliki aldatu nahi duenak, hauxe du aukera. Hasteko, 11 egun euskaraz, herritarren eta erakundeen babes zabalarekin.