ZUMAIARRON ADIERAZPENA

Erabiltzailearen aurpegia gureeskudago 2016ko eka. 9a, 18:50
ADIERAZPENA (2016-06-04, Zumaian) Itsasertzean bizi garenok ondo asko dakigu: haizeak olatua ekarri ohi du. Eta horixe ari da gertatzen gurean. Haize goxo batek bildu gaitu luzaroan, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak, eta olatu eder bat dakarkigu orain: eskubide hori gauzatzen hastea. Bihar, erabakitzeko lehen olatua hartuko dute 34 herrik. Goierrin, Debagoienan, Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren 130.000 lagunek aukera izango dute, lehenbizikoz, esateko ea nahi duten izan euskal estatu independente bateko herritar, edo ez; ea nahi duten izan euskal estatu subirano bateko herritar, edo ez; edo nahi duten izan euskal estatu burujabe bateko herritar, edo ez. Horregatik bildu gara hemen gu ere: olatu bat hartzera goazelako. Gaur hemen elkartu garenok erabaki egin nahi dugu eta olatu horretara batzen joango gara. Erabakiaren bidea herritarrok egingo dugu. Erabakia gurea da eta olatua gu izango gara. Guk izango dugu hitza. Hemen bizi garen guztiok, era guztietakook, bertan jaioak garenok eta kanpotik etorritakook, abertzaleok nahiz ez abertzaleok, ezkerrekook zein eskuinekook, ideologia, jatorri, sentimendu eta proiektu desberdinetako lagunok. Erabakitzeak egiten gaituelako herri; elkarrizketari begira jarrita, elkar onartzeak eta elkar errespetatzeak. Guk erabakiko dugu, aurrenekoz, zer izan nahi dugun. Beraz, guk nahi dugulako eta horretarako eskubidea badugulako, erabakia gauzatzeko adostasunak eraikitzen ari gara. DATORREN UDABERRIAN GU ERE GALDEKETA EGITERA GOAZ!!

GURE ESKU DAGO!