GUNEK antolatutako hitzaldia

Erabiltzailearen aurpegia GUNE kultur elkartea 2020ko ots. 24a, 15:40

Asteazken honetan, hilak 26, arratsaldeko 19,30tan, Foronda Jauregian,  izango dugu hurrengo saioa, Esther Gabiola irakasle eta musikariarekin, honako izenburupean: "Oihartzunak, krisia eta fedearen artean dantzan: nire bide espirituala musikaren bidez".

"Gure euskal (mendebaldeko) gizarte kapitalista eta konpetiziozko honetan, giza banako posmodernoaren adibide bat naiz (inoiz ez eredu). Izan ere, familia katoliko tradizional batean hezi nindutelarik, nire bizitza guztian joera espiritualen eta nirengandik espero zenaren eta neure barne hustura, zalantza eta grinen artean tira-biran ibili naiz. Oraindik banabil, kurrikulum akademiko eta sentimental egile amorratua izanagatik, bestelako bizitza baten egarriz jota, hortxe, orekak topatu nahirik. 

Duela gutxi deskubritu dudan Hartmut Rosa soziologoak azaltzen duen "azelerazio"an murgildurik nago, zeharo, eta, dena den, berak erremediotzat hartzen duen 'erresonantzia'ra itzultzeko irrikitan. Eta erresonantzia momentu horiek, niri behintzat, musikak eta berarekin datorren poesiak sarritan ahalbideratu dizkidate. Horregatik, musika erabiliko dut nire ibilbide apala deskribatzeko, galduta nabilenaren sentsazioa eta inoiz galdu ez naizenaren sentipenaren arteko dinamika horren dantza.