Guneren hitzaldia izango da bihar Forondan

Erabiltzailearen aurpegia GUNE kultur elkartea 2020ko urt. 21a, 14:03

Asteazken honetan (hilak 22) Jokin Bergara soziologo eta bertsolari gaztea izango dugu gurekin, gogoeta sakonetan murgiltzeko. Beti bezala Foronda Kultur etxean.

Kapitalismo emozionalaren gorakada agortzen ari den planetan, noraino luzatu daitezke mugak?

Baliabide oro xurgatzen ari den mundu-sistema bat bizi dugu. Ekologikoki, psikikoki eta sozialki bere mugetara hurbiltzen ari diren gizarteek badute sekula aurrez gizakiari jarri gabeko erronkari heldu beharra: trantsizio ekosozialari hain justu. Krisi sistemikoa identifikatu den garaietan interesgarria zaigu lan eta ekonomia munduan martxan dauden prozesuetan arakatzea, bertan sortzen diren korapiloetan sakontzea, ihesbideak irudikatzeko.

Kapitalismoak mekanismo sofistikatuak garatzen ditu, ordea, balioa sortzen eta metatzen jarraitzeko. Zein estrategia darabiltza gaur egun? Nola kudeatzen ditu gure emozioak, izaerak eta subjektibotasunak aberastasunaren pilaketa prozesuak martxan jarrai dezan? Zein aukera daude emantzipazio prozesuak hauspotu daitezen, gizarte eraldaketaren ikuspegitik? Nola kokatzen gara hor belaunaldi gazteak? Galdera horietan murgilduko gara hitzaldian, erantzun posibleetara hurbiltzeko ariketa eginez.