'Ni basatia naiz (Lurraren zati bat gara)' filmarekin hasiko da Guneren solasaldi zikloa

Erabiltzailearen aurpegia GUNE kultur elkartea 2013ko urr. 15a, 18:25

Ostiralean, urriak 18, Gune elkartearen solasaldi ziklo berria hasiko da, aurten jorratuko dugun gai orokorra Ekologia eta espiritualtasuna izango delarik. Denboraldiari hasiera emateko Ni basatia naiz (Lurraren zati bat gara) filma eskainiko dugu Foronda jauregian, 19:30ean. Ondoren, zine-forum moduko  solasaldi bat egingo da.

Dokumentala Euskal Herriko Unibertsitateko Miguel Sanchez Mazas Katedrarentzat eta Koldo Mitxelena Kulturunearentzat burututako produkzioa da. Fran Lasuen izan zen zuzendaria eta Kandido Uranga zumaiarra aktore-kontalari lanetan aritzen da. Euskarazko bertsioa eskainiko da, gaztelaniazko azpitituluekin. Eta beti bezala, sarrera doan eta jende guztiari irekia izango da.

Sinopsia:  Duwamish herri indiarra gaur egungo Washington estatua dagoen lurretan bizi izan zen beti, Estatu Batuetako ipar-mendebaldean.

1855. urtean, Franklin Pierre, Estatu Batuetako hamalaugarren presidenteak, beraien lurrak kolono zuriei saldu eta erreserba batera joan zitezela proposatu zien duwamishtarrei. Indiarrek ez zuten ulertu. Ipar Ameriketako jatorrizko biztanleen mundu ikuskeraren berri ematen du, kosmobisio ekologiko eta holistiko bat.