Izar arrastoak, bideoan

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2020ko abu. 18a, 11:35

Aurreko batean izar arrastoen argazki batzuk ekarri nituen txoko honetara. Oraingoan beste pauso bat eman nahi izan dut eta, ehundaka argazki elkarren segidan jarrita, bideo hau osatu dut izar arrastoak mugitzen ikusteko.

Oporretako gau batzuk aprobetxatu nituen argazkiak egiteko, Zumaiatik kanpo. Bideoa osatzen duten hiru planoetan ikus daiteke posizioaren arabera aldatu egiten dela izarrek osatzen duten marrazkia. Iparralderantz begiratuz gero, izarrek Iparrizarraren inguruan egiten dute bira, zirkuluak osatuz. Hego-ekialderantz begiratuz gero, trabeska egingo dute gorantz, ezkerretik eskuinera; eta hego-mendebalderantz berriz, beherantz. Noski, zerura begiratzen dugunean ez gara ohartzen mugimenduaz (berez Lurra da mugitzen dena, ez ahaztu), baina horretarako da lagungarria teknika hau.

Plano bakoitzean hiru bat orduko mugimendua dago jasota. Horretarako, 20 segundoko 500 bat argazki egin nituen saio bakoitzean, bata bestearen atzetik. Ondoren, ordenagailura ekarri eta elkarren segidan jarrita lortzen da mugimendua bistaratzea. Berez ez da lan zaila, baina denbora asko eskatzen du eta pazientzia. Eta nahikoa da espero gabeko argiren bat agertzea irudian (kotxe bat, beste norbait linterna batekin...) gau osoko lana zapuzteko edo, behintzat, konplikatzeko.

Gero, ordenagailuan, efektu ezberdinak lor daitezke. Adibidez, izar arrastoek kometa itxura har dezaten, edo hiru ordu horietan osatutako ibilbide osoa marraztea hasieratik bukaerara. Biak ikus ditzakezue bideoan. Bukatzeko, azken irudian lehen planoko detaile bat jarri dut, handituta. Izan ere, arbolaren azpian Neowise kometa ikusten da, zerumugan ezkutatzen den arte (ez da ziztu bizian pasatzen den argi hori; hori abioi bat izango zen).

Perseidak ikusteko aukerarik ez dugu izan aurten, baina ea irudi hauek zuen gustukoak diren.