BIDEOA: Egunsentia Algorritik

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2020ko mai. 9a, 12:13

Eguzkia itsasotik agertzen grabatzeko aitzakiarekin joan naiz goizean goiz Algorriko puntara. Zerua lainotuta zegoen eta ez nuen esperantza handirik. 

Zalantza ere banuen, Talaimendik ez ote zidan ikuspegia oztopatuko. Algorrira iritsi naizean, ekialderantz zerua lainotuta zegoen ia erabat, baina gorritzen hasita laino arteko zirrikituetan. Kamera martxan jarri eta han non agertu den eguzkia, Marianton puntaren gainetik. Oso osorik ez da bistaratu, lainoek ez diote utzi, baina ederra izan da momentua. 

Eta ia segidan, Pikoteko gainaren parean, ilargia ezkutatzeko bidean. Artean bete samarra (%95), laino arinagoen artean esan du bihar arte.

Egun zehatzik ezin esan, baina astebete inguru izango da Algorritik begiratuta eguzkia itsasotik ateratzen ikus daitekeela, Talaimendik oztopo egin gabe. Ekainaren erdialdera arte, gero eta itsaso alderago egingo ditu agerraldiak; Ekainaren 24tik aurrera, pixkanaka Talaimendirantz egingo du berriro, abuztuko lehen astera arte. Ordutik aurrera, Talaimendi atzetik altxako da, gero eta barruralderago.