Sebas

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2019ko mar. 1a, 15:45

Aurrerapen teknologikoen guru handienetako bat da Nicholas Negroponte estatubatuarra. Munduko ikertzaile onenekin lan egiteko aukera izan du eta horrek abantaila handi bat eman dio: ziurtzat jo ditzake guretzat zientzia fikzio diren hainbat iragarpen. Elkarrizketa batean irakurri berri diot pilula bat hartzea nahikoa izango dela, esate baterako, nahi dugun hizkuntza hitz egin ahal izateko. Dagoeneko ari omen dira ikertzen adimen artifizialeko dosiak piluletan sartu eta neuronekin lotzeko modua. Lortzen badute (Negropontek ez du inolako zalantzarik), pilula horietako informazioa zuzenean gure burmuineko neuronetan idatzita geldituko da, behar dugunerako erabilgarri. Frantsesez jakingo dugu, frantsesa ikasi gabe.

Zaila da sinesten, baina imajina ezazue une batez teknologiaren Nostradamus honek arrazoi duela. Iragarkietan: "Matematika, fisika eta kimikako printzipio eta formula guztiak hamar pilulatan –ez da gomendagarria egunean bat baino gehiago hartzea–"; "Munduko artelan guztien irudien bilduma superpilula bakarrean –orain adituen komentarioekin aberastuta–"; "Lagunekin elkartean afaritarako biltzen zarenean sukaldariari begira gelditzen zarela, zer egin ez dakizula? Lasai, pilula honekin milaka errezeta prestatzeko gai izango zara"... Eta horrela dena. A zer pagotxa, ezta? Jakintza bildu eta bildu, inolako ahaleginik egin gabe. Imajinatu Internet osoa gure burmuinean...

San Pedro ikastetxean ikasi nuen, aspaldi, Interneten berri Negropontek baino ez zuen garaian. Zorionez, gela zahar haietara aire freskoa ekarri zuten irakasle belaunaldi berri bat egokitu zitzaigun. Sebastian Irastorza, Sebas, zen haietako bat. Donostiarra bera, gizon garaia eta indartsua (are garaiagoa eta indartsuagoa haurren begietatik), bihotz onekoa, pazientzia handikoa eta irakasle zoragarria. Hark erakutsi zidan leziorik garrantzitsuena: zein ederra den ikastea.

San Pedro eskola itxi zenerako unibertsitatean nengoen ni eta Sebasen arrastoa galdua nuen. Behin, Donostian bueltaka nenbilela, liburu denda bateko erakusleihoari begira gelditu eta hara non ikusi nuen Sebas, mostradorean lanean, liburu artean. Hainbeste urtez elkarren berri izan gabe, ez nintzen sartzera ausartu, eta damu naiz. Sebas duela aste batzuk hil da. Jakin berri dut 1980ko hamarkadan, gure irakasle zen urte haietan, hamar liburu mardulez osatutako Historia de Euskal Herria lan entziklopedikoa idatzi zuela beste hainbat egilerekin batera. Negroponteren pilula bakarrean kabitzen dira denak, baina non gelditzen da ikastearen plazera?