Belarriprest ez da belarrimotz

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2018ko aza. 1a, 10:14

Badator Euskaraldia, bai. Ez da Korrika, ez da Kilometroak; hau beste zerbait da. Garbi izan dezazun: kontua ez da euskararen alde agertzea, paparrean pegata batzuk jarri eta kalimotxoak edatea... Euskaraldiak konpromiso bat eskatuko dizu: euskara praktikan jartzea, erabiltzea.

Eta ez da kapritxo bat, ez. Datu hauekin ulertuko duzu: zumaiarron % 72 euskaldunak gara, eta beste % 15 inguru ia euskaldun; kalean, ordea, elkarrizketen erdiak baino ez dira euskaraz. Dakigunok gehiago erabil dezakegula, alegia.

Euskaraldiak ariketa sozial bat proposatzen digu: har dezagun konpromisoa 11 egunez gure elkarrizketetan euskarari leku gehiago egiteko, ohiturak aldatzen lagunduko digulakoan. Jolas moduko bat da: aukeratu egin behar duzu zer izan nahi duzun, Ahobizi edo Belarriprest. Ahobiziek euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko dute: elkarrizketak beti euskaraz, aurrekoak ulertzen badu; Belarripresten kasuan, mezua hau izango da: "Niri euskaraz egin".

Bi figura hauekin parte hartzaileen multzoa zabaldu nahi izan da, euskaraz eroso hitz egiteko gaitasunik izan gabe, ulertzen dutenak ere inplikatzeko. Beharrezkoa da, dudarik gabe. Baina arrisku bat ekarri du berekin, niri behintzat, kezka eragin didana: modu naturalean barneratu dugu Ahobizi euskaldun petoentzat dela, eta Belarriprest euskara menperatzen ez dutenentzat. Ni ez nago horrekin ados: Ahobizi ez da euskaltzain eta Belarriprest ez da belarrimotz. Bi adibide jarriko dizkizut:

"Mirenek pare bat urte daramatza euskara ikasteko ahalegin betean. Dagoeneko arazorik gabe ulertzen du eta euskaltegian ausartzen da irakaslearekin euskaraz egiten, tarteka erdararen makulua behar badu ere. Kalean, ordea, lotsa ematen dio. Nahi du, baina ez da ausartzen, hanka sartzeko beldur da". Mireni Ahobizi aukeratzeko esango nioke. Euskararen bertigoa gainditzeko, zer egokiago Euskaraldia baino?

"Iñakik gurasoengandik jaso zuen euskara. Koadrilako lagunak ere euskaldunak dira eta eskolako garaitik dabiltza elkarrekin. Garai hartan, baina, eskola gaztelaniaz zen, eta horrek erabat baldintzatu zuen txikitatik beraien arteko hizkuntza. Erdararako joera naturala daukate elkarrekin daudenean. Iñakik, urteekin, garatu du euskaraz hitz egiteko kontzientzia. Baina lagunek oraindik ere lanak...". Belarriprest ez da aukera txarra Iñakirentzat, lagunak zirikatzeko.

Alegia, ez erabaki soilik zure gaitasunaren arabera. Zer konpromiso hartu nahi duzun eta nola eragin nahi duzun zure inguruan, horrek lagunduko dizu Ahobizi edo Belarriprest aukeratzen.