Algorri eta ni

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2018ko uzt. 1a, 10:01

Nire oroitzapenen biltegian "Algorri" bilatzen dudanean, aitona Joxemari etortzen zait gogora. Haur nintzela, uda parteko egun asko egiten nituen Larretxon, izekoren etxean, eta ondo gogoan daukat nola joaten ginen aitona eta biok Algorrira, oldi bila. Orduan abentura bat zen niretzat labar gaineko bidezidorretik harralde eder hartaraino joatea. Eta bereziki gustatzen zitzaidan oldi berde haren bila joatea aitonarekin, banekielako baserriko amona Inaxirentzat biltzen zuela. Aitaren eta amaren aldeko aiton-amonak lotzeko modu ederra iruditzen zitzaidan. Oldi haiek alkoholetan sartzen zituen amona Inaxik, kolpeentzat-eta igurtziak egiteko ona zelako, eta berde koloreko likido miragarri hura erabiltzen genuen etxean minak arintzeko.

Urte batzuk aurrera eginda, nerabezaroan esango nuke, neure burua ikusten dut mendiko bizikletarekin labar gaineko bidezidorretik Algorri puntaraino joaten, amildegira erortzeko batere beldurrik gabe. Garai hartan hasi nintzen, baita ere, aitaren kamerarekin lehen argazkiak egiten, itsasbehera aprobetxatu eta harraldetik Sakonetaraino bide eginez. Beste abentura bat zen hura, eta putzuzuloetan eta brankadetan zegoen bizitza deskubritu nuen.

Gogoan daukat oraindik, baita ere, Algorritik Pikoteazpi aldera lehen brankada pasata, haitz zabal batean eskolako laguna larrugorritan eguzkia lasai asko hartzen ikusi nuenekoa. Ikusi nuenak ez zidan inolako traumarik eragin, ez... Gogoan daukat, orduan kezka handirik gabe biluz zitekeelako bat, inor gutxi ibiltzen zelako paraje haietan.

Eta akordatzen naiz, duela 15 bat urte, gure herriko pertsonaia ezagun batek udako elkarrizketa arin eta ustez fresko horietako batean kazetariari emandako erantzunaz. Herriko leku gogoko eta ezkutu bat aipatzeko eskatuta, "kontatzen badizut ez da gehiago ezkutua izango", erantzun zion. Algorri zuen gogoan, jakin badakit.

Zoritxarrez edo zorionez, ez gara sekretua gordetzeko gai izan. Lehen gure pribilegiotzat geneukana munduarekin konpartitzea tokatzen zaigu orain; eta bidezkoa da, guri ere gustatzen zaigulako munduko bazterrak ezagutzea. Baina jakin beharko dugu neurria hartzen.

Seguru nago denok duzuela Algorri eta ni bana idazteko adina bizipen, haitz gorri bat baino gehiago delako guretzat: haurtzaroko toki magiko, gaztetako bizipen intimoen babesleku, munduarekin eta gure buruarekin bakeak egiteko atsedenleku... Eta halaxe izango dira, baita ere, Macarella menorcarrentzat, As Catedrais Lugokoentzat edo Papagayo Lanzarotekoentzat. Asko aurreratuko genuke herrian zein herritik kanpo gaudenean hori guztia gogoan izango bagenu.