Egin ttap gurekin

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2018ko ira. 20a, 10:33

Gure aspaldiko ametsetako bat zen: "Eskaintzen ditugu elkarrizketak eta erreportajeak Baleike aldizkarian; eskaintzen ditugu bideoak eta argazki bilduma zabalak baleike.eus webgunean... Bietako onena bilduko duen produkturik lortuko al dugu inoiz?".

Duela zazpi bat urte edo, liluratu ginen National Geographic-ek argitaratzen duen aldizkari digital multimediarekin: paperezkoa bezain bikaina; baina, gainera, idatzizko erreportajeak bideoekin, argazki bildumekin (zergatik bizpahiru argazkirekin konformatu?), soinuekin (ederra da argazkietako txorien kantua entzutea!), marrazki bizidunekin edota grafiko dinamikoekin osatuta. Izugarria iruditu zitzaigun, eta hasi ginen tankera hartako Baleike batekin amesten...

Noski, segituan ohartu ginen hura handiegia zela bakarrik egiteko: eduki multimedia oso onak sortu behar direlako, teknologia berrietan aditua izan behar delako eta inbertsio handi samarra eskatzen duelako. Albo batera utzi behar izan genuen orduan, baina erabat baztertu gabe, aukeraren zain.

Eta aukera iritsi da, azkenean. Nondik eta Kataluniatik. Han Esguard aldizkari multimedia argitaratzen dute, katalanez. Urte batzuk badaramatzate dagoeneko, proiektua egonkortuta dago, eta pentsatu zuten euskaraz ere egin zitekeela antzeko zerbait. Joan den urtean Euskal Herrira etorri ziren bazkide bila, Tokikom ezagutu eta elkarrekin Euskal Herriko lehen aldizkari digital multimedia egitea adostu genuen. Abentura berri honetan, Goiena (Debagoiena), Anboto (Durangaldea), Baleike, Tokikom eta Esguard abiatu gara, bide oparo baten hasiera baino ez dela sinetsita.

Baina zer da Ttap aldizkaria? Non irakur daiteke? Telefono mugikorretan eta tabletetan irakurtzeko, ukitzeko, ikusteko eta entzuteko aldizkaria da Ttap. Zure mugikorreko aplikazioen dendan (google play edo app store) "ttap aldizkaria" bilatu, deskargatu (doan da) eta astero-astero izango duzu aldizkaria kiosko itxurako aplikazioan –dagoeneko lehen zenbakia argiratuta dago–.

Gai nagusia pertsona ezagun bati egindako elkarrizketa izango da, eta edukia idatziz, bideoz eta audioz izango duzu eskura. Gainera, argazki galeriak, ilustrazio dinamikoak, teknologia, moda, zine eta literatura aholkuak aurkituko dituzu, besteak beste; betiere, irudiekin eta soinuarekin osatuta. Eta izen handiko hainbat idazleren artikuluak: Ander Izagirre, Arantxa Urretabizkaia, Pilar Kaltzada, Joseba Sarrionandia, Unai Iturriaga, Onintza Enbeita, Joseba Barandiaran... 

Bai, badakit, Ttap ez da National Geographic-en tankerako Baleike aldizkaria; horra oraindik ez gara iritsi. Baina hasi gara urratsak egiten. Eta orain badakigu posible dela, bidean ez goazelako bakarrik eta osatu dugun lagun kuadrillarekin edonora joateko beldurrik ez daukagulako. Zuek ere egin ttap gurekin!

Erlazionatuak