Izarrak Elorrixan

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2018ko abu. 13a, 12:03

Zeruko izarrei sekula argazkirik egin gabe nengoen eta asteburuan izan dut probatzeko aukera. Planifikazioa, praktika eta pazientzia behar dira halako argazkiak egiteko, eta hiruretatik nahikoa eskas joan nintzen zapatu gauean Elorrixa aldera...

Ostiralean, egin nuen lehen saioa, baina ustela: ilunabarrarekin lainotu egin zuen. Larunbatean, bigarren aukera, eta hura balekoa: zerua garbi, ilargiaren arrastorik ez. Etxetik bizpahiru argibide irakurrita joan nintzen, baina segituan ohartu nintzen itsu samarrean nenbilela. Probatu nituen zenbait kokapen, kamara konfigurazio eta abar... Hemen erakusten dizuedan hau da libratzen den bakarrenetakoa.

Lehen ondorioak: aurrez teoria gehiago ikasi behar da, zer argazki nahi den eta nola ondo planifikatu; eta momentuaz gozatzen jakin behar da. Argazkiak ateratzera zoaz, bai, baina gozatu zeruaren ikuskizunaz! Bestetik, material ona behar da. Argazki kamera ona, ahal bada full frame sentsoreduna, bestela zarata handiegia agertzen da argazkietan (niri gertatu zait).

Norbaitek gaian interesa badu, nik webgune honetan aurkitu dut informazio baliagarria: photopills

Galarretako aparkalekua

Aspaldian nengoen Galarretako aparkalekura joan gabe. A ze ezustekoa ostiralean igo ginenean. Aparkalekua handitu egin dute, jolas parkearen zelaiari pusketa handi samar bat kenduta. Kotxeak, furgonetak eta karabanaren bat, ia beteta zegoen. Milioika izarreko hotela gaua bertan pasa zutenentzat.