Zumaiatik, Alberto Zerain gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2017ko uzt. 1a, 10:49
Alberto Zerain eta Mariano Galvan Nanga Parbateko beheko kanpalekuan, desagertu baino egun batzuk lehenago.

Albiste tristearekin hasi dugu eguna: Nanga Parbat mendian astebete desagertuta zeramaten Alberto Zerain eta Mariano Galvan mendizaleak hilda daudela ondorioztatu dute; mendizaleen azken posizioa markatzen duen balizaren gainean elur-jausi handi bat ikusi dute helikopterotik. Gasteiztarra zen Zerain, baina Zumaiarekin harreman estua izan du gaztetatik. "Hamabost urte nituela euskara ikastera etorri nintzen Zumaiara, eta hemen mendizaletu nintzen", kontatu zidan duela hiru urte. 

“Nola Kutxidazu bidea Ixabel? Bada, halaxe etorri nintzen Zumaiara", kontatu zuen orduan, irribarrez. "Gure aita Gorritiren laguna zen eta hemen pasa nuen uda oso bat, Gorritiri animaliekin laguntzen eta euskara ikasten. Eta mendizaletasuna ere bertan piztu zitzaidan". Bere lehen mendiko botak Zumaian eskuratu zituen: "Larruzko mendi bota handi batzuk lortu eta tartea neukanean inguruko muinoetan mendi bueltak egiten hasi nintzen”. Zumaian egindako egonaldiari etekin ederra atera zion: sekulako ibilbidea egin du goi mendietan, eta euskara ere ederki ikasi zuen.

Baina ez da hor amaitzen bere harremana Zumaiarekin. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketan behin baino gehiagotan hartu du parte, eta 2014an bera izan zen omendua. Urte hauetan guztietan lotura estua izan du lasterketarekin, eta beti agertu da laguntzeko prest. Joan den larunbatean mendian desagertu baino egun gutxi batzuk lehenago, bideo mezu bat bidali zuen Nanga Parbateko beheko kanpalekutik, lasterketako kamiseta jantzita, Juanito Oiarzabalen hitzaldian bere aletxoa jarri nahi zuelako. Eta Bosco Garitanok kontatu didanez, lagun bakarrik ez, senitarteko ere badira Zerain eta bera: Zegamako Amiano-goena baserrian jaio ziren bata zein bestearen birraitonak, berasategitarrak. Albertorenak Gasteizera jo behar izan zuen, Boscorena gelditu zelako baserriarekin, maiorazgoa zela eta.

 "Zeu mendiaren aurrean"

Elkarrizketa hartan kontatzen zuen Zumaiatik  Gasteizera bueltatu zenean erabat murgildu zela eskalada munduan. “Gaztetako urte haietan mendirako sekulako grina izan genuen. Gogoan daukat dena emanda ibiltzen ginela inguruko mendietan eskalatzen”. Pixkanaka, Pirinioetara, Alpeetara edota Andeetara joan ziren Zerain eta lagunak mendi garaiagoen bila. “Andeetara espedizio asko egin nituen, han abentura asko izan genituen”. Orduan zortzimila metroko gailurrak ezinezkoak iruditzen zitzaizkion, baina iritsi zitzaion Himalaia probatzeko aukera. “Everestera izan zen lehen espedizioa. Espedizio handi batean parte hartzeko aukera eman zidaten eta halaxe joan nintzen. Orduan eskatu ziguten oxigeno botilak erabiltzeko, garrantzitsua zelako espedizioaren arrakasta bermatzea. Niri hura ez zitzaidan gehiegi gustatu, baina onartu egin nuen, azken finean ez zelako nik antolatutako espedizioa”.

Everesteko espedizio hartan ohartu zen Zerain hura ez zela bere gustuko planteamendua. “Nik ez ditut espedizio handiak kritikatuko, baina ez da nire aukera. Niri estilo soilagoa gustatzen zait, zeure burua mendiaren aurrean. Horrek erakartzen nau. Gailurrera iristeko laguntza hau edo hura behar baduzu, orduan ez zaude gailurrera iristeko prestatuta, ez duzu merezi”. Horrela, espedizioak bere erara antolatzen hasi zen, baliabide gutxirekin eta bide berezietatik. “Ohiko bideak erabiltzen badituzu jendetza aurkituko duzu beti, haiek zabaldutako bideak, sokak… Gainera, bide ezohikoak erronka dira mendizalearentzat, bideari aurre nola egin pentsatu behar duelako, zailtasunak aztertu, irtenbideak aurkitu… Hori da politena, zailtasun horiek gainditzeko gai zarela ikustea”.

Bakarka egindako espedizioetatik 2008an K2ra egindako izan da oihartzun gehien lortu duena. Zerainek sekulako balentria egin zuen: bera bakarrik, bidea zabalduz, zuzenean hirugarren kanpalekutik gailurrera igo eta jaitsi. Ordu gutxira, bere atzetik abiatu ziren 11 mendizale hil ziren. “Gauzak nola diren, tragedia hark eman zion oihartzuna nire lorpenari. Niretzat egun gogoangarria izan zen, igoera osoan oso-oso ondo sentitu nintzelako. Jaitsi ere zuzenean hirugarren kanpalekuraino jaitsi nintzen hiru ordutan, laugarrenean gelditu gabe. Behera iristean jakin nuen atzean utzi nuen tragediaren berri. Ni beherantz nindoala ikusi nituen gorantz eta pentsatu nuen ‘hauek nora doaz’. Mendian zortea behar da, baina istripu asko gertatzen dira erabaki okerrak hartzen direlako”.

Bosco Garitano, Alberto Zerain eta Alberto Gorritiberea, Flysch Trailak 2014an Zerain omendu zuenean.

Mazeno ertza

2011n Nanga Parbatera joan zen. Mazeno ertzera iristeko bide berri bat erdizka zabaltzea lortu zuen eta noizbait hura bukatzeko asmoarekin bueltatu zen etxera. Sei urte geroago, erronka hura bete nahian, elur-jausi batek harrapatuta bukatu dira bere ametsak. Joan den larunbatetik ez zen Zerain eta Galvanen berririk. Egunak aurrera joan ahala, esperantza agortuz joan da lagun eta senideen artean, eta gaur goizean hiltzat eman dituzte, helikopterotik elur-jausia ikusi eta gero.

Zortzimila metrotik gorako hamar tontor zapaldu ditu Zerainek bere ibilbidean –azkena Annapurna, maiatzean–, baina gailur kopuruagatik baino aukeratutako bide eta moduengatik da miretsia eta errespetatua mendizaleen artean. Sekula ez da izan mendizale mediatikoa, eta bere kamioiarekin banatzaile lanak egiten ateratzen zuen bizimodua –emaztea eta bi seme utzi ditu–. Duela hiru urteko elkarrizketa hartan, aitortzen zuen, hamaika proiektu zeuzkala buruan, baina lan nekeza zela haiek antolatzea. Horrek ez zion, ordea, bizipoza kentzen. Nahikoa zuen mendiko botak jantzi eta etxeko atetik atera mendiaz gozatzeko. "Subillan bizi naiz, Gasteiz alboko herri txiki batean, mendiz inguratuta. Ez daukat kotxea hartu beharrik mendi buelta bat egiteko".