Arbasoak aurkitzeko webgunea

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2015ko urt. 26a, 11:00

Seguru behin baino gehiagotan galdetu diezuela guraso eta aiton-amonei zuen arbasoen inguruan. Interneten tresna bikaina dago bilaketa egiteko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen artean: 1.500. urtera arte egin daiteke atzera!

Izekoren etxean argazki zaharrak begiratzen, hona ekarri dudan honekin egin nuen topo. Argazkiak berak erakarri ninduen hasieran: estetika, janzkerak, posea, detaileak (denek dute zerbait eskuan)... Garbi dago gertaera garrantzitsua zela familia horrentzat argazkia ateratze hutsa. Gaur egun ehundaka argazki ateratzen ditugu, baina orduan... Noizkoa da, ordea, argazkia? Izekori galdetu eta argibideak eman zizkidan: argazkian agertzen den neskato gazteena gure birramona Dionisia da, eta argazkia 1880eko hamarkadakoa.

Eta Dionisiaren gurasoen historia ere kontatu zidan: argazkian mikeletez jantzita ageri den gizon bigoteguna Carmelo Sancho Gascon da, Illueca (Aragoi) herrikoa bera. Zurriolako zubia eraikitzera etorri zen lanera Donostiara; eta alboan duen emaztea, Inazia Antonia Arruabarrena Dorronsoro da, ataundarra bera, Donostiako parte zaharreko ostatu edo taberna batean lanean ari zena. Carmelok ez zekien euskaraz, eta Inazia Antoniak gazteleraz ezer gutxi, baina maitasunak gainditu zituen hesi guztiak (Ataungo familiak jarritakoak ere bai...).

Bada, historia horrek jakinmina piztu zidan, eta izekok berak eman zidan gehiago sakontzeko pista: interneten badago arbasoen arrastoa jarraitzeko tresna eder bat: http://dokuklik.snae.org (agiri sakramentalak atalean sartu, goiko menuan). EAEko biztanleen errolda historikoa (1500-1900) Eliza Katolikoak dauzkan liburu sakramentaletan bilduta dago. 1900 arte bataiatu, ezkondu eta hil direnen idazkun guztiak indizatu dira (5.600.000 agiri). Hau da, zure arbasoak Araban, Gipuzkoan edo Bizkaian jaio, ezkondu edo hil baziren, agirietan atzera egin dezakezu 1500. urtera arte!

Bilaketa egitean kontuan hartu dena ez dela perfektua, izen-abizenetan aldaketak egon daitezke, batzuk garaiaren arabera grafiak aldatzen direlako, beste batzuk idatzi zituen idazkariak hanka sartu zuelako... Adibidez, aipatu ditudan arbasoen kasuan batzuk Arruabarrena bezala ageri dira, beste batzuk Arruebarrena dira.

Imajinazio pixka bat behar da, beraz, baina ariketa polita da, ezta?