Hautsak astintzen

Erabiltzailearen aurpegia Goiz Eder Iturain 2019ko api. 1a, 10:22

Alfonbra astintzen hasi dut goiza, logelako alfonbra txikia. Begirada luzatzea nahikoa izan da auzoko kolore eta tamaina desberdinetako alfonbra sortaz ohartzeko. Alfonbrako hautsak astintzea bururatu al zaigu gaur denoi? Hala dirudi. Egia esan, hautsak astintzea komenigarria ez, beharrezkoa dela uste dut. Ez, ordea, alfonbrako akaro hautsak, buruko ideiak astindu, barruak harrotu, beldurrak azaleratu eta sentimenduak mugitzea beharrezko dugu gizakiok. Kulturaren esanahi hain zabala izanik bertako hautsak astintzen saiatuko naiz.

Kultura denok osatzen dugu, denok egiten dugu, denon arteko kohesioak osatzen du. Jaiotzatik karga kulturala dugu, iraganean eta orain, estatikoa eta aldakorra aldi berean. Kultura landu edo jorratu egin behar da; lagunen moduan, ideien moduan, asmoen moduan. Kulturaren barnean soka luze bat aurki dezakegu. Soka luze, zabal eta amaigabea. 

Sokak bi mutur ditu. Mutur batean, kultura kontsumitzaileak ditugu. Horiek, inertziak edo beren nahiak bultzatuta, liburu bat irakur dezakete, kontzertu bat entzun, koadro edo argazki bati so egin, antzerki edo dantza emanaldi bat ikusi..., une edo denbora tarte batean sentsazio edo emozio bat sentituko dute, eta horrek, sokaren zati eraginkor bihurtuko  ditu.

Bestemuturrean, sortzaileak ditugu. Horin begiek beren barneko nahiz kanpoko istorioak plazaratuko dizkigute; bestearengan edo beragan zirrara edo emozioren bat sentiaraziko dute: barre txiki bat, kuriositatea, hausnarketa, kritika soziala, desadostasuna…

Bi muturrek elkarreragina dute batak bestearekin. Mutur bateko begiak beharrezkoak dira beste aldeari begiratzeko, amets egiteko, babesteko, ikusteko, itxaropena emateko... 

Egungo gizartea plurala da, eta plurala den heinean kultur arteko diziplina desberdinen arteko loturak gero eta elkartuago daudela uste dut. Soka lodi hori sortzaile gazte talde handi batez inguratzen ari da. Bi muturrak indarrez datoz, bultzada, aire fresko eta espiritu berritzaile batekin mugituz. Dantzari, margolari, ilustratzaile, idazle, aktore, abeslari..., diziplina desberdinak elkarrekin uztartuz eta soka indartuz. Kultura sortzea da, beraz, atzera begiratzeaz ahaztu gabe, hazten jarraitzea. Diziplina desberdinak elkartzearen inertzia hori gogoko dut, guregan daramagun beldurra alde batera baztertzen uste baitigu. Kultur espresioa handitu dezagun, sokaren partaide eraginkor izanik.

Finean, sinetsita gaude kulturaren eta diziplina artistikoen lanketa eta ezagutzak on egiten diola gizarteari. Landu ditzagun, beraz, kultura diziplina hauek gure egunerokotasunean, gure kaleetan, aretoetan, eskoletan, etxeetan, tabernetan Eman diezaiogun behar duen lekua, behar duen garrantzia.

Eraberritzen, aldatzen, eraldatzen ari den soka honen parte izanik, jar zaitez zu ere  hautsak harrotzen, nahasten, hautsak astintzen.