Torreberritzen prozesua, herritarroi zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Torreberri Gaztetxea 2018ko abu. 22a, 08:16

Torreberri Gaztetxeaz hausnartzeko asmoz hasi genuen Torreberritzen prozesua, ekainean. Orain, herritarroi bertan parte hartzeko aukera eman nahi dizuegu, galdetegi baten bidez.

Ekainaren amaieran aurkeztu genuen Torreberritzen prozesua, gaztetxearen betebeharrez eta funtzionamenduaz hausnartzera eramango gaituen prozesua. Izan ere, orduan adierazi genuen bezala, gaztetxea erabilera anitzeko eta mugimendu handiko espazioa izan arren, erabiltzaileen arteko harremanean eta koordinazioan sakontzeko beharra ikusten dugu. Gaztetxearen inguruan hausnartu, eta funtzionamendu eta antolaketa modu egokiena zein izan daitekeen eztabaidatu nahi dugu. Helburu horretara iristeko, gaztetxearen inguruan dagoen ikuspegia zein den jakitea beharrezkoa ikusten dugu, ordea. Ahalik eta herritar gehienen iritziak jaso nahi ditugu egungo gaztetxeaz, indarguneak eta ahulguneak identifikatu eta, argazki erreal horretatik abiatuta, eman beharreko hurrengo pausoak zehazteko.

Galdetegi bat prestatu dugu, gaztetxearekiko interesa duen edozein herritarrek bere iritzia emateko aukera izan dezan. Galdetegia betetzeko tarte bat hartuko bazenute, zinez eskertuko genizueke, bildutako iritzi guztiek aberastuko baitute prozesu hau. 

Mila esker zuen ekarpenagatik,
Torreberri Gaztetxea