Marky Ramonerekin munduan zehar biran aritzetik, Zumaiako Gaztetxera

Erabiltzailearen aurpegia Torreberri Gaztetxea 2018ko mar. 19a, 15:17

Ostiral honetan, Sumisión City Blues taldea izango dugu Torreberrin, Marlik zumaiarrekin batera. Taldeko abeslari Iñaki Urbizu "Pela"ri elkarrizketa berezia egin diogu. Berezia, Txiletik erantzun digulako, Ramones talde mitikotik bizirik gelditzen den kide bakarrarekin -Marky Ramone- biran aritzen baita mundu osoan zehar, abeslari gisa.

Marky Ramonekin biran zabiltza. Nola sortu zen berekin kolaboratzeko aukera, zer nolako esperientzia ari da izaten?
Ni taldean sartu aurretik ere, nire managerra eta Markyrena ezagunak ziren, aurrez lanen batean elkarrekin arituak baitziren. Nik taldearekin bat egiteko aukeraz hitz egin zuten. 2016ko apirilaren 16an Markyk abeslari bat behar zuen Mexikon bira bat egiteko, eta orduan deitu zidan. Eta, bi urte beranduago, hemen jarraitzen dut. Sekulakoa da Ramones taldeko azkenarekin munduan zehar biran ibiltzea. Oraintxe bertan, Santiagotik [Txile] Perura eramango gaituen hegazkinaren zain ginela, aritu zait kontatzen Marky, nola aritzen ziren bera eta Dee Dee talderako kantekin lanean estudioan.

Ez zara bestelako proiekturen batean ere ari den Sumision City Blues-eko kide bakarra. Nola moldatzen zarete proiektu horiek zuen ohiko erritmoan eta entseguetan eraginik izan ez dezaten?
Taldeko kide guztiok ditugu proiektu paraleloak, izan garrantzia gehiagokoak edo gutxigokoak. Hala ere, esan dezaket nik egunero eskaintzen diodala nire denboraren zati bat Sumisioni, batzuetan gutxiago eta bestetan gehiago. Musika pixka bat konposatu, konponketaren bat egin, letra zati bat idatzi… egunero egiten dut zerbait. Nire proiektu nagusia hauxe da. Bestalde, ez da zaila lanerako diziplina mantentzea, bostok elkartzen garen bakoitzean gauza interesgarriak gertatzen baitira.

‘El evangelio según Sumision City Blues’ izeneko diskoa kaleratu berri duzue. Aurreko lanak baino luzeagoa da, eta grabaketa prozesua ere desberdina izan da. Zer dela eta aldaketa horiek, eta, batez ere, nola baloratu duzue emaitza?
Hain justu, lan egiteko modua uneoro aldatzeak talde bezala inoiz baino biziago sentitzera eramaten gaitu, errutinatik ihes egitea asko gustatzen baitzaigu. Kaleratu genuen azken lana 12 hazbeteko bat izan zen; finean, estudio on batean ekoiztutako zuzeneko bat. Horren ostean, instrumentazio desberdinekin zerbait probatzeko gogoa genuen. Bost abesti idatzi genituen, ideia horretatik zer atera zitekeen ikusteko. Bestalde, gure lehen single-ek urteak zeramatzaten deskatalogatuta, eta Sumision City Blues berandu ezagutu duen publikoak berredizioren bat kaleratu genezan eskatzen zigun. Beraz, azken lan hura berriz masterizatu, hor zehar dispertsatuta genituen zenbait abesti berreskuratu, eta ebanjelio honetan sartu genituen. Taldearen historiaren ispilua da ‘El Evangelio Según Sumicion City Blues’, baina kapitulu batzuk falta dira, eta gauza batzuk ez datoz guztiz bat historia horrekin, estilo ebanjelistari fidel.

Ostiralekoa ez da izango taldeak Zumaian joko duen lehen aldia. Nolako harrera izan duzue aurreko aldietan bertako publikoaren aldetik?
Izan gaztetxean edo txosnetan, uste dut Zumaian joko dugun laugarren aldia dela hau. Taldea beti oso ondo hartu izan du publikoak bertan, bere hastapenetatik. Hasi ginenean, leku askotan ez ziguten guk espero genuen adinako kasurik egin. Zentzu horretan, Zumaia sorpresa bat izan zen guretzat, publikoaren aldetik ez baikenuen inolako aurreiritzirik sumatu egiten genuenarekiko. Gure iragan musikalari ez zion erreparatu bertako jendeak. Itzela da berriz bertan jotzea.

Zerekin egingo du topo ostiralean gaztetxera joaten denak?
Soinu probaren orduan etortzen denak plazan topatuko gaitu futbolean. Urduritasuna hiltzeko eraman ohi dugu baloia goazen lekuetara. Gauean bertaratzen denak, berriz, dibertsioa eta benetako rock-and-rolla –inorekin ezkontzen ez den horietakoa– aurkituko ditu gaztetxean. Talde batean jotzea gustatzearen eta benetan odolean eramatearen arteko desberdintasuna ikusi nahi izanez gero, etor zaitez!