Gabon Koruko musikaren istorioetan murgilduz...

Erabiltzailearen aurpegia Gabon Korua 2021ko abe. 15a, 07:21

Urtez urte hainbat abesti kantatu dira, horietako batzuk klasiko bihurtu direlarik. Hemen abesti hauen inguruko hainbat istorio.

Urte asko igaro dira Gabon Koruak lehen pausuak eman zituenetik. Bide honetan hainbat aldaketa izan ditu, aurreko astean ikusi genuena bezalakoa, non ahots grabeetako koroa ahots nahasiko koroa bihurtu zen emakumeen sarrerarekin. Hainbat abesti prestatu eta kantatu dira bide luze honetan eta, nola ez, hainbat istorio daude abesti hauen atzean.

Gabon arratsean kantatzen duenez Joaquin Pildain musikagile tolosarrak idatzitako “Gaur Gabon arratsa da” izan daiteke egokienetako bat. Estilo alaiko zortziko bat dugu, harmonia sendoz jantzia. Ahotsek egiten dituzten zenbait bira musikaletan ikusten da bere oinarri teoriko sendoa. Ikasketak, besteak beste, Eduardo Mokoroa eta Jesus Guridirekin burutu zituen eta organista moduan Luis Urteaga ordezkatu zuen Donostiako San Bizente parrokian. Hemen Gabon Koruko beste abestiekin hainbat lotura egin ditzakegu. Gasteizen jaiotako Jesus Guridik Ator, ator moldatu baitzuen kororako eta bertsio hau kantatzen da. Parisen ikasi zuen Guridik eta han ikasitakoak euskal folklorearekin nahastu zituen. Horren adibide dugu abesti eder hau , bi alde guztiz ezberdinekin, alde goxoan lasaitasuna eta goxotasuna agertzen direlarik eta arinean berriz, musika bihurri bihurtzen da, ahotsek beraien artean elkarrizketa bat sortuz.

Eduardo Mokoroa Olentzero abestiaren egile bezala aipatzen da, Feliciano Beobiderekin batera. Dirudienez bigarrenak “sortu” zuen hau modu herrikoian kantatzen zen abestiaren zatia moldatuz: “Abenduko hilaren hogeita lauean…” eta honi bere irakasle zen Mokoroaren zortziko gehituz “Goazen guztiok goazen…”. Badirudi Eduardo Mokoroari ez zitzaiola gustatu Beobidek egindakoa. Hemen a capella abesten den arren musika bandarekin egiteko moldatua izan zen, Feliciano Beobide banda zuzendaria baitzen.

Luis Urteaga ere aipatu dugu. Zumaian lan handia egin zuen gure herrian bizi izan zituen hamabost urteetan. Gabon Koruan bi moldaketa abestu izan dira, emakumeek abesten zuten Birjina maite eta Antonin Dvorack-ek idatzitako 9. Sinfoniako bigarren mugimenduko musikatik moldatutako Aurtxoa troxatzen abesti goxoa. Bere semea ere, Juan Urteaga, organista eta musikagilea izan zen. Berarena da abesten den Gabon gaba abesti austriarraren moldaketa. Bitxikeria moduan esan erdi zumaiarra zela. Jaio behar zen garaian bere gurasoak Zumaian bizi ziren baina jaio berrien artean sukar izurrite bat zabaldu zenez bere ama bere jaioterrira, Balmasedara, joan zen haurra izateko.

Orain arte aipatutako abestien artean originalak eta moldaketak uztartu dira. Kontua da hainbat abesti herrikoi galzorian zeudela, hauek zekizkiten pertsonak hiltzen ari baitziren. Zorionez Felipe Pedrell musikologo katalanak emandako bultzadari esker Resurrección Maria de Azkuek eta Aita Donostiak herriz herriko eta askotan baserriz baserriko bilaketari ekin zioten. Hainbat doinu Bildu zituzten. Orain dela gutxi aipatu digute badagoela Hobeto kantatuko degu abestiaren oso hantzeko bat Aita Donostik egindako kantutegian. Abestia Arrona-n jasoa izan zela jartzen du baina Arrona hau Tolosaldean kokatzen du. Nahiz eta Billabonan badagoen  Arrona izeneko auzo bat, abesti hau beti jo izan dugu zumaiarra bezala.

Ez gara gure herritik irten behar zenbait abestiren sorrera kokatzeko. Aurretko asteetan ikusi dugun bezala, Valentin Manterolak idatzitako Belenen eta Kanta kantari  abestiez gain, Pedro Mª Olaizola apaizak Maite lo izeneko abestia idatzi zuen, korua ahots grabeetakoa zen garairako. Taldea garai hartan zabala eta landua zela esan dezakegu kontutan hartuta lau ahots grabeetara idatzia dagoela, ahotsen erregistro zabal bat erabiliz eta nahiko luzea den obra batean hainbat konpas eta tonalitate aldaketekin. Zenbait urte berandua Jeronimo Egañak orduan musika ikasten ari ziren Mari Tere Ibarrari eta Mari Carmen Azpeitiari moldaketak eskatu zizkien, kasete bat eman zien bertatik doinuak ateratzeko. Mari Tere Ibarrak orduan modan zegoen The house of the rising sun abestia moldatu zuen eta Mari Carmen Azpeitiak Eguzkia izenekoa. Ez ziren berez gabonetako abestiak eta hitzak egokitu behar ziren. Hitzen egilea Carlos Gorostola izan zen, aurrez aipatu dugun Maite lo abestian bezala.  Azken urteetan berriz Iker Gonzalezen lanak Gabon Koruko errepertoriora gehitu dira. Esan daiteke gainera 2000ean estreinatutako Gaueko izarra izan zela egileak korurako estreinatzen zuen lehen abestia. Ondoren etorri ziren Seaskatxo bat eta Belen aldera. Aurtengo berrikuntzen artean berak sortutako beste abesti bat izango dugu, kasu honetan moldaketa bat. Garai batean Niño Jesusen eskean kantatzen zen potourri bat Atez ate Gabonetan izenburupean.