Bizipoza

Erabiltzailearen aurpegia Esti Curiel 2022ko api. 17a, 07:02

“Gu ta gure ingurukoak potrotaraino gaude” kantatzen zuen EH Sukarrak 1992an..., eta ez du ematen kontua asko aldatu denik... Azkenaldian ezinegon handia somatzen dut inguruan eta gizartean, oro har... (ez dut ideiarik zergatik... ironia “modo on”). Noraezean gabiltza, ongizate baten bila, baina nora heldu ez dakigula. Festarako, bidaiatzeko, deskonektatzeko... gogoa dugula entzuten dut maiz, neure buruari ere entzuten diot horrelakoak esaten, baina zer egiten dugu gure bizitzekin beti deskonektatzeko gogoa izateko? Ez da horren sinplea, badakit. Ezagutzen genuen bizitza hankaz gora jarri eta ezbeharrak nonahi ikusten ditugu; beraz, esan dezakegu ez dagoela baikorra izateko arrazoirik. 

Baina zergatik beti gauza txarrak nabarmendu? Egia esango dizuet: nekatuta nago eta nekatu egiten nau pesimismoak. Agian ezkorrak izateko programatuta gaude, edo oinordetzan jaso dugu eta bizitza ikusteko modu hori gure burmuinean itsatsita daukagu. Horrek dena ilun ikustera eramaten gaitu. Gainera, besteak gu izorratzeko bizi direla iruditzen dugu maiz. Ziur? Ze nezezidade! Zuk uste duzu besteak beraien burua zaintzeaz gain, zu izorratzeko beharra, plazera edota denbora dutela? Keba, ez dut sinesten jende gaiztoa existitzen denik (agian pixka bat inuzentea naiz). 

Nire ustez, oso berekoiak direnen eta eskuzabalegiak direnen artean dago gama. Zu non zaude? Beste pertsona klase bat ere badago: txistosoa. Nik, adibidez, abilezia berezia daukat momentu zailetan txisteak egiteko. Hori bai, askotan txistea bota eta damutu egiten naiz momentuan: “Ene..., orain ere txorakeriak esaten”. Baina nire inguruan irribarreak ateratzeko gaitasunak zoriontsu egiten nau. Momentu desegokian txiste txar edo hitz joko txar bat bota eta aurrekoaren aurpegia barrez ikusteak ez du preziorik. Korapiloa ez da askatu, baina une batez arindu egin da. 

Askotan entzuten dut: “Nire inguruan bizipoza emango didan jendea nahi dut”. Ederki, bada hasi zu zeu, mesedez. Goibel gaudenean txantxara joatea ez da erraza, ezta beharrezkoa ere; niri musikak laguntzen dit korapilo horiek arintzen. EH Sukarrak beraiekin borrokatzeko eskatu ondoren goizetik gauera dantza egiteko eskatzen zigun. Celia Cruzek aldiz, “No hay que llorar, que la vida es un carnaval, y las penas se van bailando oh oh oh oh”. Beraz, horien gomendioei jarraituz, goizetan nahi duzun musika jarri eta ilunpetan, ispilu aurrean edo nahi duzun eran dantza egin ezazu hiru minutuz. Ea horrek umorea apur bat aldatzen digun.