Ostegunean magnolia aurrean, 19:30ean, justizia sozialaren alde, DBLa kentzearen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Eskubide Sozialen Karta 2016ko api. 27a, 10:26

Ostegun honetako plenoan Zumaiako Udalak erabaki txukun edo itsusi bat hartuko du: Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL) kentzearen aurka agertu edo ez.

Joan den astean hemen esan genuen bezala, Zumaiako Karta Sozialeko kideon ustez guztiz erabaki onartezina da, eskubide sozial aski murriztuetan beste atzerapauso lotsagarri bat, jakinaren gainean jende pila bat bazterkeria gordinera kondenatzea.

Besterik sinetsarazi nahi badigute ere, ditxosozko DBLa ez da, ezta hurrik eman ere, loteriako sari potoloa, luxuzko diru-laguntza bat. Hileko 706 euroko prestazioa baino ez da, asistentzia hutsa, eta hala eta guztiz ere jende askorentzat momentuko salbamendua.

Irtenbideak askoz sakonagoa eta integralagoa beharko luke, jakina. Duintasunez bizitzea benetan eskubide izan dadin. Baina horra iritsi bitartean, premia-premiazkoak dira horrelako tiritak. Bizitzeko lain edukitzea behintzat ziurtatu behar genioke elkarri.

Horregatik, proposatu nahi dizuegu elkartu gaitezela justizia sozialean oinarritutako gizarte bat amesten dugun guztiok ostegunean (apirilak 28) magnolia aurrean, 19:30ean, Udaleko alderdiek (eta Aldundikoek) jakin dezaten PERTSONA GUZTIOK ESKUBIDE GUZTIAK izatearen alde gaudela gehienok, eta marotokeriek ez dutela izango lekurik gurean.