Gaur elkartzeko deialdia bertan behera

Erabiltzailearen aurpegia Eskubide Sozialen Karta 2016ko ots. 18a, 11:44

Atzo bihotza uzkurtu zitzaigun kale gorrian norbait hil zitzaigula jakin genuenean, eta denok elkartuta herri moduan gure lotsa, haserrea eta beste gizarte-modu bat antolatzeko konpromisoa erakusteko premia bizia sortu zitzaigun.

Orain jakin dugu atzo hil zen gizonezkoa ez zela etxegabea, eta elkarretaratzeko deialdia bertan behera uztea erabaki dugu. Ez genuke inor mindu nahi.

Zoritxarrez, ordea, atzoko deialdirako arrazoiek bere horretan jarraitzen dute. Gure gizarte honetan jende asko dago egoera horretan, ia edonori gerta dakioke kale gorrian geratzea, eta hain egoera larrira iritsi gabe ere makina bat jendek gorriak eta bi ikusi behar ditu egunez egun irauteko, hipotekari edo errentari aurre egin eta hilabete bukaeran zer jan edukitzeko, neguko hotzean berogailua piztu ahal izateko, enplegurik aurkitzen ez duela-eta goizean ispiluari begiratu eta frakasatu bat ez sentitzeko, enpleguren bat eduki arren zenbat denbora iraungo dion kezkatuta ez larritzeko… Zerrenda luzeegia da.

Duintasunez bizi ahal izateak eskubide izan beharko luke, ez luxuzko zerbait. Duintasunez bizitzeko behar den minimo materiala legez eduki beharko genuke bermatuta, denok, eta horrek izan beharko luke lehentasuna.

Hori lortzea da gure ametsa, eta ametserako hegoak, berriz, herritar guztiok elkartuta sare sendo bat josi dezakegula pentsatzea.

Elkartuko gara bidean.