Prekarietatearen aurpegi gordinena

Erabiltzailearen aurpegia Eskubide Sozialen Karta 2016ko ots. 17a, 14:20
Atzoko hitzaldiko irudia. Argazkia: @KorrikaPrekarioa

Prekarietatea. Lan-baldintzetan eta bizimoduan bertan. Gero eta jende gehiagoren egunerokoa.

Horixe izan genuen atzo hizpide Correscalesekiko Donostiako elkartasun-taldeko bi kidek eman ziguten hitzalditxoan.

Ohartu ginen, adibideen bidez erakutsi ziguten, posible dela, eta komeni, denok bat egin eta pertsonon duintasunaren aurkakoak diren erasoei aurre egitea: lan-baldintza miserableei, etxegabetzeei, pentsio ziztrinei…

Prekarietateak mila aurpegi ditu gaur egun, baina nor berea sufritzen gaude antza, isilean, bakarrik gaudelakoan, gauzak aldatzeko ezer egin ezin dezakegulakoan.

Baina denok elkartuko bagina? Zer gertatuko litzateke orduan? Zer gertatuko litzateke gutako bakoitzak baleki, injustizia baten aurrean egonda eta injustizia horri aurre egin nahi izatera, komunitate oso baten babesa duela atzean?

Indarra eman zigun horretan pentsatzeak. Ametserako hegoak ez ezik, hego horietarako plan bat. Lortu behar dugu herriko eragile, talde, herritar guztien artean sare sendo bat jostea. Duintasunez bizitzea ez dadin luxu bat izan, baizik eta denon errealitatea, guk herritarrok herritar orori bermatu nahi diogun gutxienekoa. Ez dadin inor bakarrik senti justizia soziala eskatu nahiko lukeenean. Izan gaitezen denok denon indar. Eska dezagun denontzat dena.

Prekarietateari aurpegirik gordinena ikusi diogu, ordea, gaur goizean. Norbait hil zaigu herrian, kale gorrian, ustez etxegabea. Bakar-bakarrik, ezer gabe.

Ez da zoritxarreko gertakari hutsa izan, baina. Egunez egun gu guztiok eratzen ari garen gizarte-modu honen zauri ugarietako bat izan da. Gutxi batzuk gero eta aberatsago direlako, gehienok gaude gero eta prekarioago, eta pobretuenak gero eta pobreago. Gertatutakoa ez da kasualitatea.

Gizarte bezala kale egin diogu.

Kale egiten ari gara, ez dugulako lortzen denok duintasunez bizitzeko ezinbestekoa dugun minimo materiala denok bermatuta izatea; besteak beste, etxebizitza bat. Nola liteke milaka etxe huts dituen herrialde batean hainbat lagun kale gorrian egotea!

Kale egin diogu eta barkamena eskatu behar genioke. Barkamena eskatu, eta denok gure erantzukizuna geure gain hartu. Eta erantzukizuna ez ezik, konpromisoa ere bai: horrelakorik berriro ez gertatzeko ahalegin irmoa egingo dugula, minimo materiala bermatzeak izango duela lehentasuna, duintasunez bizi ahal izatea gure herrian benetan eskubide izango dela.

Elkartu gaitezen denok bihar. Izan gaitezen ausartak eta erakuts dezagun herri moduan gure lotsa, pertsona horren egoeraren larriari nahikoa arreta jarri ez geniolako, nahikoa kezkatu ez ginelako, bizkarra eman geniolako.

Elkartu gaitezen denok bihar, eta erakuts dezagun beste gizarte-modu bat antolatzeko konpromiso irmoa, eduki dezagun guztiok DUINTASUNEZ BIZITZEKO guztia.

Elkartu gaitezen denok bihar magnoliaren aurrean, arratsaldeko 7:30ean.