Batu Korrika Prekariora, batu Correscales-era

Erabiltzailearen aurpegia Eskubide Sozialen Karta 2016ko ots. 11a, 14:21

Badator Correscales, Korrika Prekarioa. Zatoz zu ere saltaka eginez harrera egitera!

Marea urdina izeneko mugimenduak elkartasunezko eta aldarrikapenezko ekimen eder bat abiarazi du: Correscales edo Korrika Prekarioa, otsailaren 18tik 22ra bitartean Bilbo eta Bartzelona batuko dituen 800 km-ko errelebo-lasterketa, lan-baldintzen prekarietatearen aurka eta bizimodu duin baten alde borrokan diharduten herritar, kolektibo eta esperientzia ugari saretzeko ekimen solidarioa.

Dozenaka alderdi, eragile eta sindikatu batu dira ekimen erraldoi hau bultzatzeko, eta Zumaiako Karta Soziala osatzen dugunok ere, Getariakoekin batera, Correscales-en parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Modu bat baino gehiago dugu horretarako:

* Egin diezaiogun harrera beroa lasterketari Zumaiara heltzen denean: irten gaitezen bidera, egin dezagun geuk ere haiekin batera Zumaian saltaka... Otsailaren 19an iritsiko da gure herrira, ostiralean, goizeko 6etan. Inguruko herrietara, berriz, ordu hauetan:
Getaria: 06:45
Zarautz: 07:20
Orio: 08:00

* Ahal dugunok lagundu diezaiegun diruz, sekula sortu den erresistentzia-kutxa handiena lortzeko.

Ez ahaztu! Azaleratu dezagun zatiketa eta prekarizazio laboral eta sozialaren aurkako borroka duina. Aldarrikatu dezagun lan berberari balio berbera aitortu beharra. Saretu dezagun justiziaren eta duintasunaren aldeko esperientzien arteko konplizitatea. Eraiki dezagun elkarrekin, elkarlanean, elkarri laguntzeko proiektu erraldoi hau. Saretu dezagun elkartasuna... saltaka, 80 lasterkarik txandaka osatuko duten 800 km-ko ibilbidean. Zatoz zu ere eta parte hartu Korrika Prekarioan!!!