Gogoetarako proposamen bat, hauteskundeen atarian

Erabiltzailearen aurpegia Eskubide Sozialen Karta 2015ko abe. 16a, 10:37
Zumaiako Karta Soziala osatzen dugunok, hauteskunde berri hauen atarian, Zumaiako herritarroi hurrengo hausnarketak luzatu nahi dizkizuegu.

Gure ustez, gizartea denontzat bizitzeko modukoa izango bada, justizian eta elkartasunean eta errespetuan oinarritua, gutxieneko puntu batzuk bermatu beharko lituzke, eta hori, hein handi batean, alderdi politikoen esku dago gaur egun. Hauteskundeetan galdetzen digute herritarroi nolako gizartea nahi dugun, beraiek zer proposatzen duten, eta herritarrok oraintxe dugu aukera horri buruzko gure iritzia emateko. Bozkatu ahal izango ditugun alderdi politikoen artean zeinek egingo dute gutxieneko puntu horien alde Kongresura iritsiz gero? Horixe da gogoetarako proposatu nahi dizuegun galdera, eta hauek dira, gure ustez, nahitaez bermatu beharreko puntu minimo horietako batzuk:

* Pertsonak merkatuaren gainetik ipintzea. Aktibitate ekonomikoak ez dezala helburu izan aberaste partikularra, pobretze orokorra zabaltzen den bitartean.

* Aberastasunaren banaketa bidezkoa. Euskal Herriko pobreziaren muga zehaztu behar da, muga hori baino gutxiagoko diru-sarrerarik ez dezan izan inork. Hau lortzearren ezinbestekoa litzateke sistema fiskal egokia.

* Lanen banaketa bidezkoa. Ez soilik ordainpeko enplegua, bestelako enplegu-motak ere, zaintza eta etxeko lanak kasu. Enplegu duina azken finean, prekarietatea bazterrean utziko duena.

* Naturaren mugak errespetatzea. Bestelako produkzio- eta kontsumo-eredu bat bultzatu, mugatua den ekosistema batean bizi garelako. Naturarekiko jasangarriagoak diren energía berriztagarriak ekoiztearen alde gaude. Kontsumoak ez gaitzala kontsumitu.

* Eskubide ekonomikoen, sozialen, linguistikoen, kulturalen, berdintasunezkoen eta demokrazia parte-hartzailearen aitortza. Bizi-baldintzen hobekuntza azken finean, emakumeen eta gizonen arteko eskubideen berdintasunera zuzendua, jatorri, sexu, azal-kolore, erlijio, ideología politiko, hizkuntza edo egoera administratibo guztiak aintzat hartuko dituena, inolako diskriminaziorik gabe. Ezin utzi aipatu gabe zerbitzu publikoak: osasuna, hezkuntza eta zerbitzu sozialen arlokoak. Hauek bermatze aldera, premiazkoa iruditzen zaigu pribatizazio-politikak alboratzea.

* Genero-indarkeria errotik desagerrarazteko neurriak hartzea. Indarkeria sexistaren jatorri eta oinarria sistema heteropatriarkala da. Jaiotzean emakume izendatuak izan garenok hamaika indarkeria jasaten dugu: sexuala, sinbolikoa, ekonomikoa, lan-eremukoa, fisikoa, psikologikoa, erreproduktiboa, politikoa eta abar. Instituzioek beharrezkoak diren hezkuntza-politikak eta programak eratuko beharko lituzkete, emakumeen jabekuntza ziurtatzeko bizitzaren arlo guztietan.

* Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea dagokio. Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen pertsona oro da subjektu burujabea, eredu ekonomiko, sozial, politiko eta instituzionalean erabakitzeko eskubidea duena.