Itzali gabeko suak eztanda egin du

Erabiltzailearen aurpegia ZUMAIAKO ERREFUXIATUEN HARRERA TALDEA 2020ko ira. 13a, 12:00

Irakurketa honen bitartez, Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeko kideok pasa den astearte gauean Moriako kanpamenduan egondako gertaerak aztertu eta errefuxiatuek gaur egun, oraindik, bizi duten egoera lazgarria salatu nahi genituzke.

Hasteko, gertaeren kokapen orokorra eta hauen errepaso laburra egingo dugu. Astearte gauean piztu zen sutea Lesbos (Grezia) irlan kokatuta dagoen Moriako errefuxiatu kanpamenduan. Lehen suteak ia kanpamendu guztia kiskalita utzi bazuen ere, ondorengo orduetan piztu ziren sute txikiagoek erabat suntsitzea eragin zuten.

Greziako Gobernuak argitaratutako datuen arabera, 2.840 errefuxiatu hartzeko diseinatuta zegoen kanpamentu honetan 12.589 errefuxiatu bizi ziren; hau da, edukiera laukoiztu egiten zen. Gainera, aipatu beharra dago kanpamenduak, sortu zenetik gaur arte, bilakaera eta hazkuntza prozesu bat bizi izan duela; horren erakusle modura, aipa genezake 2019an soilik 38.000m² hazi zela eremua, ordura arte zituen 58.000m² horiei gehituz.

Badirudi suaren jatorria egun guztian zehar burutu ziren protestetan egon zitekeela. Izan ere, azpimarratu beharra dago azken asteetan, COVID-19 pandemiak eragindako osasun-krisiaren eraginez, tentsioa nabarmen handitu zela kanpamenduan. 35 kasu positibo konfirmatuta zeuden eta, horiez gain, 125 pertsona berrogeialdian jarri zituzten. Tentsioari dagokionean, ezin aipatu gabe utzi azken hilabeteetan eskuin muturrak Lesbosen hainbat errefuxiatu eta boluntarioren aurka burutu dituen erasoak, irlan bizi den egoera zailaren adierazle.

Greziako Gobernuak, egun hauetan egin dituen adierazpenen arabera, ez du asmorik Moria berreraikitzeko eta, horren ordez, zentro itxi bat(zuk) irekiko d(it)uela adierazi du. Asmo hau ez da berria, izan ere aurreko urtean Gobernuak azaldu zuen Moriako kanpamenduaren ordez hainbat zentro itxi eraikiko zituela aurten. Errefuxiatuen segurtasunaren eta higienearen aitzakipean hartzen diren neurri hauek, ordea, beste helburu batzuk ezkutatzen dituzte; besteak beste, errefuxiatuen mugikortasuna mugatzea edo herrialdetik kanporaketa azkartzea, bereziki Turkiara.

Honek guztiak argi erakusten du, aurreko ikasturtean Errefuxiatuen eta migranteen inguruko jardunaldiak antolatu genituenean genion bezala, arazoa ez dela amaitu eta honek inoiz baino biziago jarraitzen duela; Moriako kanpamenduan, zehazki, konpondu gabeko arazo hau atera da argitara, itzali gabeko suak eztanda egin du.

Ondorio gisa, Errefuxiatuen Harrera Taldeko kideok argi dugu ezinbestekoa dela Europar Batasunaren eta gobernuen erantzunkizuna salatu, instituzio burgesek azken urteetan gai honi irtenbide bat emateko erakutsi duten gaitasun-eza azpimarratu eta auzi honen inguruko analisi sakona garatzea; baita orain momentuan krisi hau pairatzen ari direnei elkartasunean oinarritutako erantzuna ematea ere.

Honekin lotura eginez, amaitzeko, azken egunetan zehar Zaporeak Proiektuko kideak aurrera eramaten ari diren jarduna goraipatu nahiko genuke; izan ere, egoera zail honen aurrean burubelarri ari dira lanean, normalean baino pertsona gehiagorentzat jatekoa prestatzen; haien sare sozialetan azaldu zutenaren arabera, esate baterako, 3.300 otordu prestatu zituzten ostegunean. Testu hau idazten ari garen momentuan, Zaporeakeko kideak konfinatuta daude PCR proben emaitzen zain. Beraz, besarkada handi bat bidali eta gure begirunea adierazi nahi genieke beste behin erakusten ari diren konpromisoagatik.

Zaporeak proiektuari ekarpen ekonomikoa egiteko:

1) BIZUM:

Zaporeak Proiektua - 00435 

2) TRANSFERENTZIA:

Kutxabank: ES32 2095 5011 80 9115250322

Laboral Kutxa: ES71 3035 0103 88 1030035880