Errefuxiatu eta migranteen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Harrera Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia ZUMAIAKO ERREFUXIATUEN HARRERA TALDEA 2019ko aza. 10a, 08:27

Urte batzuk igaro dira Zumaian Errefuxiatuen Harrera Taldea sortu genuenetik. Hasierako ideia, gure herrira iristen ziren errefuxiatuei harrera egitea zen, erantzun herritarra ematea. Hala ere, faktore desberdinak eraginda, gure jardun nagusia sentsibilizazioan eta kontzientziazioan oinarritu da ordutik hona. Ekimen eta lanketa desberdinak aurrera eraman ditugu urte hauetan zehar: hitzaldiak, eszenifikazioak, erakusketak, oroimen historikoaren aldeko ekimenak...

Aurtengo ikasturteari begira,Errefuxiatuen eta migranteen inguruko jardunaldiakantolatzea erabaki dugu. Izan ere, kontziente gara komunikabideeetan orain dela urte batzuk zuen presentzia ez duen arren, errefuxiatuen zein migranteen arazoa inoiz baino biziago dagoela, ez dela amaitu. Hori dela-eta, oso garrantzitsua iruditu zaigu migrazioaren inguruko oinarri teorikoa eskaintzea, alde batetik, eta gaur egun Mediterraneoan errefuxiatuek bizi duten egoera zein den ezagutaraztea, bestetik.
 
Jardunaldietako lehenengo hitzaldia, azaroak 13 asteazkenean, 18:30ean, izango da Oxford aretoan. Xabier Aierdi soziologoak "Mundu mailako migrazio fluxuak" izango ditu hizpide. Gaur egun mundu mailan gertatzen diren migrazio fluxuak eta hauen arrazoiak aztertuko ditu, baita etorkizunean gertatu daitezkeen migrazio mugimenduak ere; esaterako, klima aldaketaren eraginez.
 
Bigarren hitzaldia, aldiz, abenduak 5 ostegunean, 18:30ean,izango da; aurrekoa bezala, Oxford aretoan. Kasu honetan, Iñigo Gutierrez, Salvamento Maritimo Humanitario taldeko kidea, izango da gonbidatua. "Zer ari da gertatzen Mediterraneoan?" galdera luzatuko diogu eta, horri tiraka, azaltzen saiatuko da gaur egun Mediterraneoan gertatzen ari dena, SMH-k zein lan burutzen duen, herrialde desberdinetako Gobernuekin izan dituzten tirabirak...