5.000 euroko diru-laguntza eman dio Harrera Taldeak Atenaseko Hotel City Plazari

Erabiltzailearen aurpegia ZUMAIAKO ERREFUXIATUEN HARRERA TALDEA 2017ko aza. 11a, 15:12

Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak bere elkartasuna adierazi nahi izan dio, errefuxiatuen drama humanitarioari erantzun alternatiboa ematen dion Atenaseko Hotel City Plazari, eta horretarako 5 000 euroko diru-laguntza emango dio. 

Alternatiba berri horren notizia Arroa Beheko lau neska ekintzaileri esker (Ainara Ossa, Lorea Ilundain, Maia Ossa eta Irati Manzisidor) izan zuen Harrera Taldeak.

City Plaza Atenaseko erdigunetik hurbil dagoen hotel bat da eta “solidarity with the refugees“ mugimenduaren barruan koka liteke. Krisia zela eta, 2009an hondoa jo zuenetik hutsik egon da hotela, baina iazko apirilean, errefuxiatu batzuek, Europako ezkerreko hainbat ekintzaile talderekin batera, eraikina okupatu eta proiektu politiko integral bat aurrera eraman ahal izateko tresna bilakatu zuten. Egun, ia 400 lagunen bizilekua da eta horietatik 130 umeak dira. Siria, Afganistan, Iran edota Irak bezalako herrialdeetatik ihesi datoz gehienak, eta beste asko proiektuan parte hartzera etorri dira, elkartasunez. 

Proiektu autogestionatua da. Helburua ez da iheslariei aterpea eta elikagaiak eskaintzea soilik. Hotelean bizi diren guztiek, errefuxiatu eta ekintzaile solidarioek elkarrekin egiten dute lana:, proiektua autogestionatzen dute eta proiektuaren parte dira eta arduratzen dira osasunaz, seguritateaz, sukaldeaz, garbitasunaz, hezkuntzaz…

Greziako Gobernuak oso erantzun kaskarra ematen die errefuxiatuei: nekez betetzen ditu errefuxiatuen oinarrizko beharrak eta isolatuta dauzka eremu itxietan ingurukoekin ia batere kontakturik gabe, etsipenak jota.

City Plaza proiektuak, berriz, pertsona horiek hirira ekarri nahi ditu, bizimodu duina izan dezaten. Errefuxiatuen autonomia eta burujabetza sustatu nahi ditu proiektuak, bere duintasuna berreskuratu dezaten. Eta horretarako, gerora baliagarri izango zaizkien hainbat tresna eskuratzen laguntzen die, adibidez hizkuntza eskolak dituzte, aholkularitza legala ere badute, emakumeak ahaldundu egiten dira, beroriek baitira proiektuaren oinarri, haurrak auzoko eskolan integratzen dira … Horrekin batera, proiektuaren izaera politikoari ere berebiziko garrantzia ematen zaio. Hala, errefuxiatuen kolektiboak bizi duen egoera gordina salatzeko eta egoera horren benetako errudunak zeintzuk diren argi adierazteko hainbat ekimen publiko burutzen dituzte.

Horrelako proiektuek errefuxiatuen egoerari beste nolabait erantzutea posible dela frogatzen dute, alegia errefuxiatuen arazoari erantzun duinagoa ematea posible dela erakusten digute. Horrek eraman ditu Zumaiako Harrera Taldekoak proiektu berritzaile hori laguntzera.

Taldeko partaideek diote egoera oso larria dela, eta ez dirudiela hobera egingo duenik. Horregatik erabaki dute errefuxiatuak ahaldundu eta duintasunez tratatzen dituen proiektu hori laguntzea, gauzak beste modu batera egitea badagoela frogatzeko. Eta lanean jarraituko dutela diote egoera salatu eta errefuxiatuen bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko.