Maydayterraneo-Aita Mari Zubia misioarekin bat egin du Harrera Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia ZUMAIAKO ERREFUXIATUEN HARRERA TALDEA 2017ko urr. 24a, 17:03

Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak 2017ko urte honetan ekitaldi bat baino gehiago egin du errefuxiatuek bizi duten egoera salatu eta haiekiko elkartasuna adierazteko. Otsailean, Orain da atzo leloa ikur, Zumaiatik 1937an, kanporatuak izan ziren herritarrei omenaldia egin nahi izan genien Udalarekin eta Erkibe taldearekin elkar lanean, eta aldi berean errefuxiatuek munduan zehar eta batez ere Europan bizi duten egoera salatu eta ongi etorria eman nahi izan genien gurera babes bila etorri eta etorriko diren bai errefuxiatu politikoei bai ekonomikoei.

Urte osoan zehar antolatutako ekimenekin (San Silbestre eguneko dortsal solidarioak, Olagarro eguneko txosna …) eta jaso ditugun ekarpenei esker (Zumaiako Caritas eta Elgoibarko DANOBATGROUP) taldeak aukera izan du bizi duten infernutik alde egiteko ahalegina egiten ari diren errefuxiatuei babesa eta laguntza ematen dieten hainbat erakunde humanitario diruz laguntzeko. Eskerrak eman nahi dizkizuegu erakunde humanitario horien izenean diru-laguntza eman diguzuen erakundeei eta gure ekitaldietan lagun izan zaituztegun herritar guztioi.

2016. urtean harreman estua izan zuen taldeak Zaporeak herri ekimenarekin. Eta urte bukaera aldera, Euskal Herriko Itsas Salbamendu Humanitario taldearekin harremanetan hasi ginen. Iazko Gabonak aldera Harrera Taldeak egindako diru ekarpen bati esker Salbamendukoek “Zumaia” izena daraman anbulantzia bat eskuratu zuten.

Aurten Maydayterraneo-Aita Mari Zubia izena jarri dioten proiektua edo misioa lagunduko dugu diruz, 5.000 euroko diru-laguntza baten bidez. Izenak erakusten du proiektu honen izana. Batetik alarma. Gaur egun hainbat erakundek emandako datuen arabera, 2015etik gaur arte 10.000tik gora dira Mediterraneo itsasoan bizitza galdutako errefuxiatuak. Bestetik, Aita Mari arrantzale zumaiarrari egindako omenaldia da proiektua, urte askoan makina bat arrantzale atera zituelako bizirik ekaitzetatik. Misio horretan Euskal Herriko SMH beste bi erakunderekin batera (Espainiako ProemAid eta Alemaniako Mission Lifedine) ari izango da lanean,  eta Libiatik atera eta Italiara doazen errefuxiatuak babestu eta erreskatatuko dituzte.

Errefuxiatuen egoera

Badirudi hedabideek aipatzen ez dutena ez dela existitzen. Aspaldi desagertu ziren errefuxiatuen irudi gordin haiek hedabideetatik. Baina errealitatea oso gordina da, beldurgarria. Milaka lagun hil dira Mediterraneo itsasoa zeharkatu nahian eta, azkeneko egunetan ezagutzera eman dutenaren arabera, 30.000 lagunetik gora hil dira Saharako Basamortuan, bere herrietatik ihes egin eta Afrikako kostaldera iritsi nahian. Eta bitartean Europa begira dago. Hipokresia da nagusi.

Europako Batasuna dugu munduko hirugarren arma esportatzailea. 2005etik 2014ra 82.000 milioi euroko balioa duten armak esportatu ditu Ekialde Ertainera eta Afrikako Iparraldera, gaur egun konflikto armatu gordinenak dauden herrialdeetara. Eta Espainian egiten diren armak Santurtziko portutik garraiatzen dira Ekialde Ertainera; Bilboko portutik 300 edukiontzi baino gehiago atera dira Saudi Arabiara lehergailuz beteta 2016ko urritik. Diruak ez du bihotzik, nonbait. Guk europarrok, baita euskaldunok ere, saldutako armek eragindakoak dira errefuxiatu asko eta asko, neurri handi batean guk europarrok sortu ditugu errefuxiatuak, eta gero ate-joka etorri zaizkigunean, gure ateak itxi egin dizkiegu. Tamalgarria, salagarria; hipokresia hutsa geure burua giza eskubideen defendatzaile dugun europarrona.

Bere garaian Europako Batasunak 180.000 iheslari hartzeko hitza eman zuen. baina emandako hitza ez da bete. Europan ez dago borondaterik. Espainiak, esate baterako, ia 10.000 errefuxiatu hartzeko hitza eman zuen eta 1.100 bakarrik hartu ditu (%13). Antzeko zerbait gertatu da beste hainbat eta hainbat herritan ( Frantzia, Belgika, Austria, Alemania …). Euskal Herrian 1.000 hartzeko borondatea adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak eta 300 Nafarroako Gobernuak, baina ez dira inoiz iritsi. Non da emandako hitza? Gugandik urruti nahi ditugu errefuxiatuak. Hitz onak bai, baina … Armak saldu, gerrak sortu eta sustatu bai, baina …

Guk egoera salatzen jarraituko dugu, Estatuen hipokresia salatzen jarraituko dugu eta irmo aldarrikatuko dugu “Ongi etorri errefuxiatuak”.