Gipuzkoako Harrera Taldeak batuta, igandean, Donostian

Erabiltzailearen aurpegia ZUMAIAKO ERREFUXIATUEN HARRERA TALDEA 2016ko eka. 15a, 08:33
Errefuxiatuei elkartasuna adierazteko, ekainaren 19an manifestazioa deitu du Gipuzkoako Harrera Taldeen Plataformak, 13:00etan Bulebarretik abiatuta.

Ekainaren 20an Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz egin du deialdia, gerra edo eskubide urratzeak dauden herrialdeetatik ihes egin beharra duten pertsonen eskubideak aldarrikatzeko asmoarekin.

Izan ere, antolatzaileek adierazi dutenez, “azken urtean, hainbat eta hainbat ekintza egin dira errefuxiatuei elkartasuna adierazteko, herrialde hau harrera lurralde bihurtu nahi duten milaka lagun mobilizatzea lortuz”, eta ekimen horien guztien erakusleiho eta bozgorailu bihurtu nahi dute Donostia.

Era berean, antolatzaileek adierazi dutenez, manifestazioaren aurretik hiru bizikleta martxa aterako dira Zarautz, Irun eta Hernanitik, Donostia jomugan. Zarauztik “Lampedusa” izena jarri dieten zutabea irtengo da 10:00etan kiroldegi aurretik. Leku ezberdin horietan ateratako martxak, berriz, Donostian batuko dira 12:00etan, eta hiri barruan egingo dute zirkuitua, 13:00etan irtengo den manifestazioaren aurretik. Gainera, bulebarrean bertan, manifestazioa baino lehenago bestelako ekintzak ere egingo dira, errefuxiatuen alde egin diren ekintzen argazki proiekzioa, kasu.

Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak ekimen honetara gehitu da, eta herritar guztiei dei egiten die bizikleta martxara zein manifestaziora batzeko.