Gaurtik hasita, “Errefuxiatuekin elkartasuna” ekimena egingo da herrian

Hiru, bi, bat... heldu da eguna. Asteburu honetan “Errefuxiatuekin elkartasuna” jaialdia egingo da Zumaian. Gaur kontzertuak egongo dira 22:30etatik aurrera Gaztetxean; bihar, berriz, Zumaiako hainbat eta hainbat artistek parte hartuko duten kantaldia egingo da Maria eta Jose ikastetxean, 22:00etan hasita.

Errefuxiatuen Zumaiako Harrera Taldeak antolatuta, asteburuan, “Errefuxiatuekin elkartasuna” ekimena egingo da Zumaian. Ekimen horrekin, errefuxiatuei elkartasuna eta laguntza emateko dirua bildu nahi dute harrera taldeko kideek. Hala, sarrerekin bildutako dirua Zaporeak proiektuarentzat izango da. Hain zuzen ere, Errefuxiatuen Harrera Taldeko bi lagun Nerea Eizagirre eta Libe Aizpuru Grezian daude Zaporeak-ekin elkarlanean bertako kanpamenduetan janaria banatzen. Hirugarren zumaiar bat, David Juliá, batuko zaie laster zeregin horretara.

Hemen dituzue, beraz, errefuxiatuei elkartasuna adierazi eta dirua lortzeko antolatu dituzten hitzorduak:

■ Maiatzak 6, ostirala. Hiru kontzertu izango dira Torreberri Gaztetxean, 22:30etik aurrera. Brote, The Grace of Dionysus eta Sargo taldeek joko dute taula gainean. Kontzertu horien sarrerak 3 euroan egongo dira salgai, Gaztetxean.

Arratsaldean bertan, Zumaiako Institutuko ikasleek antolatuta, kanpaldia egingo da institutuaren kanpoaldean 14:15etatik aurrera eta kontzertuen ordua iritsi arte.

■ Maiatzak 7, larunbata. Kantaldia egingo da Maria eta Jose ikastetxean, 22:00etatik aurrera. Parte-hartzaileak: Beheko Plaza abesbatza, Jon Maia, Maialen Velarde eta Maddalen Arzallus, Astindu Dantza Taldea, Julen Izarra eta Uhin Loiola jazz session, Ahuntzaren Gauerdiko Eztula (AGE), Zutrik: Zumaiako Trikitilari Taldea eta Mikel Markez. Kantaldirako sarrerak turismo bulegoan, Nikolen, Itzurunen, Trapaian eta Ttakunen daude salgai, 10 euroan. Egun berean Maria eta Jose ikastetxean.

Larunbateko kantaldian, Maria eta Josen, David Juliá zumaiarrak emandako argazki eta koadro batzuk ere egongo dira salgai. Salmentekin lortutako dirua ere Zaporeak proiektuarentzat izango da.