Janari bilketa arrakastatsuaren ondoren, asteburuan musika hitzorduen txanda izango da

Zumaiako Harrera Taldeak eskerrak eman nahi dizkie janari bilketan parte hartu duten boluntarioei zein elikagaiak eman dituzten zumaiar guztiei. Era berean, asteburuko musika hitzorduetara gonbidatu nahi ditu herritarrak; ostiralean Gaztetxean egingo diren kontzertuetara eta larunbateko kantaldira.

3000 kilo (jakiak nagusiki, baina baita higiene produktuak ere). Hori da pasa den asteburuan Zumaiako hainbat saltokitan egin den kanpainaren emaitza. Zaporeak proiektuarentzat izango da guztia, Greziako kanpalekuetan dituzten jangela sozialetan prestatu dezaten. Zaporeak-ekoek adierazi dutenez, hilabeteko hornidura da haientzat bildutakoa. Errefuxiatuen Harrera Taldea oso pozik agertu da lortutakoarekin, eta biziki eskertu du herritarren ekarpena zein bilketan boluntario lanetan egon diren zumaiarren laguntza.

Janari bilketa arrakastatsuaren ondoren, asteburu honetan dirua biltzeko antolatu dituzten musika hitzorduen txanda izango da:

■ Maiatzak 6, ostirala. Hiru kontzertu izango dira Torreberri Gaztetxean, 22:30etik aurrera. Brote, The Grace of Dionysus eta Sargo taldeek joko dute taula gainean. Kontzertu horien sarrerak 3 euroan egongo dira salgai, Gaztetxean.

Arratsalde horretan bertan, Zumaiako Institutuko ikasleek antolatuta, kanpaldia egingo da institutuaren kanpoaldean 14:15etatik aurrera eta kontzertuen ordua iritsi arte.

■ Maiatzak 7, larunbata. Kantaldia egingo da Maria eta Jose ikastetxean, 22:00etatik aurrera. Parte-hartzaileak: Beheko Plaza abesbatza, Jon Maia, Maialen Velarde eta Maddalen Arzallus, Astindu Dantza Taldea, Julen Izarra eta Uhin Loiola jazz session, Ahuntzaren Gauerdiko Eztula (AGE), Zutrik: Zumaiako Trikitilari Taldea eta Mikel Markez. Kantaldirako sarrerak turismo bulegoan, Nikolen, Itzurunen, Trapaian eta Ttakunen daude salgai, 10 euroan.

Larunbateko kantaldian, Maria eta Josen, David Juliá zumaiarrak emandako argazki eta koadro batzuk ere egongo dira salgai. Salmentekin lortutako dirua ere Zaporeak proiektuarentzat izango da.

Azkenik, ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenentzat,  kontu korrontea ere zabaldu duela gogoratu du Errefuxiatuen Zumaiako Harrera Taldeak. Hemen duzue zenbakia:

ES2430350037470370050252 (Laboral Kutxa)