Errefuxiatuen aldeko janari bilketa egingo da ikastetxeetan eta saltokietan

Erabiltzailearen aurpegia ZUMAIAKO ERREFUXIATUEN HARRERA TALDEA 2016ko api. 25a, 11:00

Apirilaren 25etik 29ra errefuxiatuen aldeko janari bilketa egingo da Zumaiako ikastetxeetan. Apirilak 29 ostiralean eta 30 larunbatean, berriz, Eroski eta Dia saltokietan bilduko da janaria.

Apirilaren 25etik 29ra errefuxiatuen aldeko janari bilketa egingo da Zumaiako ikastetxeetan, Errefuxiatuen Harrera Taldeak antolatuta. Herriko hiru gazte Greziako kanpalekuetara joango direla baliatuz egingo da janari bilketa. Gazteak Zaporeak Donostiako boluntario taldearekin doaz Greziara, eta Zaporeak-ek Kios uhartean errefuxiatuei jaten emateko dituen jangela sozialetan prestatuko dute bildutako janaria.

Horrez gain, apirilak 29 ostiralean eta 30 larunbatean Eroski eta Dia saltokietan egongo dira janaria biltzen Errefuxiatuen Harrera Taldekoak. Ostiralean arratsaldez egingo dute janari bilketa: 15:00-21:00. Larunbatean, berriz, goizez: 9:00-15:00.

Produktu hauek bilduko dituzte:

- Arroza
- Pasta
- Dilistak
- Babak
- Txitxirioak
- Olioa
- Salda pastillak
- Esnea
- Kakaoa
- Gailetak
- Konpresak
- Fardelak
- Umeentzako toallitak
- Esne-hautsa


Errefuxiatuen Harrera Taldeak kontua zabaldu duela ere jakinarazi du bestalde, nahi duenak diruz lagundu dezan proiektua. Hona hemen kontu korrontearen zenbakia:

  • ES2430350037470370050252 (Laboral Kutxa)

* Argazkiaren jatorria: Zaporeak proiektuaren Facebook orria: https://www.facebook.com/zaporeakproiektua/?fref=ts

 

EGUNERAKETA (2016-04-27):

- Ardantzabideko Eroskin janari bilketa ordutegi honetan egingo da: ostiralean 17:00etatik 21:00etara eta larunbatean 9:00etatik 14:00etara.

- Horrez gain, Itsaski janari dendan ere (Mari Bego) bilduko da errefuxiatuentzat janaria. Ostiralean 9:30etatik 13:30etara goizez eta arratsaldean 17:15etatik 20:00etara.