Elkarlana Zaporeak ekimenarekin

Erabiltzailearen aurpegia ZUMAIAKO ERREFUXIATUEN HARRERA TALDEA 2016ko api. 23a, 14:33

Grezian errefuxiatuei laguntzen ari den Zaporeak ekimenarekin kolaboratzen hasi da herriko Errefuxiatuen Harrera Taldea, eta janaria eta dirua biltzeko kanpaina bat prestatzen dabil datozen asteetako. Harrera taldeko kide batzuk Greziara bertaratzeko asmoa ere agertu dute, Zaporeak-ekoekin batera, errefuxiatuentzat janaria prestatzera. Baleikeko komunitatean eta hainbat hedabideetan emango da ekintzon berri, eta kanpaina hori prestatzen lagundu nahi duenak zumaiakoharrerataldea@gmail.com helbidera idatzita lortu ahal izango du informazio gehiago.

Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak Zaporeak ekimenean parte hartzen duten kideengana jo du haien lanaren inguruan gehiago jakiteko, eta elkarlanari buruz hitz egiteko. Donostiako Intxaurrondon hartu dituzte, bertako elkarte gastronomiko batetik abiatu baita ekimen osoa. Greziako esperientzia solidarioa ez da aurrena Zaporeak-eko kideentzat, lehen ere Etiopian jardun baitira laguntzen. Hain zuzen ere, Etiopiako proiektua amaitu zutenean, lehertu zen hedabideek “Errefuxiatuen Krisia” deitu dietena, eta berehala jarri zituzten beren gogo eta orduak Greziara iristen ari ziren errefuxiatuei laguntzen.  “Betiko lagunez” osatutako zazpi kideko talde batetik abiatu da proiektua eta lanez gainezka dabiltza azken hilabeteetan.

Greziako Kios irlan daude hasieratik Zaporeak-eko kideak errefuxiatuentzat jakiak prestatzen, eta bertan gertatzen denaren berri eman diote Zumaiako Harrera Taldeari. Urtarrilean joan ziren lehenengoz egoera zein zen ikustera. Baimenak lortu eta sukaldea jarri zuten ondoren, eta martxoaren 1ean bidali zuten elikagaiekin lehen kamioia. Ordutik milaka eta milaka plater prestatu dituzte ihesean Europara etorri, eta ez atzera eta ez aurrera Grezian harrapatuta geratu direnentzat.

Iritsi zirenetik egoera asko aldatu dela kontatzen dute. Hasieran “beheko kanpamentua” deitzen dieten eremuan zeuden errefuxiatuak, baina Europar Batasunak Turkiarekin sinatutako akordioaren ondorioz, beste gune batera eraman dituzte, atxiloketa zentro batera, hain zuzen ere. Bi eremu horien arteko ezberdintasuna handia dela diote. Izan ere, “beheko kanpamentuan” libre ziren mugitzeko bertan zeudenak; atxiloketa zentroan, aldiz, alanbrez inguratuta daude. Eskaini ahal dituzten plazak baino askoz ere jende gehiago dago pilatuta zentroan.

“Higiene” kontuak argudiatuta, atxiloketa zentrora ez diete uzten sartzen Zaporeak-ekoei.  Baina, aitzakia moduan erabiltzen dutela uste dute, eta bertako egoera ikus ez dezaten egiten dutela. Izan ere, haiei “higiene” kontuak aipatzen badizkiete ere, atxiloketa zentroan edateko urik ere ez dutela salatzen dute.

Debekua ikusita, sukalde ibiltari bat egiteko ideia otu zitzaien Zaporeak-eko kideei, elikagai beharra zegoen beste toki batera joateko. Hala ere, “beheko kanpamentua” berriz ere jendez betetzen ari dela ikusita, irla horretan geratuko dira. Hala, datozen egunetan berriz 2000 lagunentzat jakiak prestatzen egongo direla aurreikusten dute.

Izan ere, egoera oso aldakorra da Grezian, eta etsipena areagotzen ari da. Errefuxiatuek Turkiara itzuli baino nahiago dutela “uretara bota” kontatzen diete Zaporeak-eko kideei. Egoerak, gainera, ez duela epe motzean hobera egingo pentsatzen dute bertan egongo direnek.

Bitartean, eguneroko arazoei aurre egiten laguntzen jarraituko dute Zaporeak-eko boluntarioek. Abuztura arte pentsatzen zuten geratzea berez, baina egoera ikusita dirua lortzen badute gehiago geratzeko asmoa dute. Ildo horretatik, proiektua laguntzen ari  diren talde, enpresa eta norbanakoen eskuzabaltasuna nabarmendu dute. Orain, haien helburua, prestatzen duten dieta hobetzea da: haurrentzat, haurdun daudenentzat… menu ezberdinak egiteko. Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak horretan lagundu nahi die, bat egingo duzue?