Ni ez naiz zumaiarra

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Dorronsoro Senosiain 2022ko ots. 14a, 06:04

Lehen galoia alaba jaio zenean galdu nuen. Oraindik uko egiten nion Bartzelonan erroldatzeari, horrek mediku kontuak Osakidetzan artatu beharra, hauteskundeetako burokraziak, autonomotako trapitxeoak eta beste zenbait buruhauste ekarri zizkidan arren; legez kanpoko ekintzaren bat edo beste ere egingo genuen akaso, baina nire zumaiartasunak merezi zuen hainbeste.

Azken unera arte mantendu nuen esperantza eta sinatu aurretik ere tematu nintzaion erregistroko idazkariari: - Ziur ezin dudala alaba bi herritan erroldatu? – Ezetz, ba! Eta hala, gure alaba bartzelonarra da paperetan, espainiarra izateaz gain (bigarren -tartasun hori zumaiarrok ere aspaldi asimilatu zenuten).

Hor hasi zen gainbehera. Ordura arte hain nekezak ez zitzaizkidanak konplikazio bilakatzen hasi ziren eta urteetan galoi guztiak dir-dir, egoskor mantendu nintzenak zalantza egin nuen: kotxearen asegurua zela, lan kontratua, etxeko paperak… Akabo. Nire NAN karnetak ere Bartzelonakoa naizela dio orain. Eta udan ezin izaten dut kotxea gurasoen etxe aurrean aparkatu.

Non jaio ez du norberak hautatzen, begi bistakoa da. Zirkunstantziek erabakitzen dute non biziko garen ere, eta atzera begira, nire iraganera baino urrunago, zuri beltzeko argazki eta udal artxibategiko dokumentuen babesean arnasa hartzen dut: Lasai, motel, Jose Maria Zubiak ere gazterik egin zian Donostiarako bidea eta inork ez dik zalantzan jartzen Aita Mari zumaiarra zenik. Eta hark ere inoiz herrira bisita egin izan balu, ezezagun asko topatuko zizkian Erribera kalean!

Nik oraindik turisten aitzakia erabiltzen dut, hori dela Erribera kalean, tabernetan, okindegian, Elorriagara bidean ezagutzen ez dudan jendetzaren arrazoia. Baina badakit distantzia eta denbora beren bidea egiten ari direla xorro-xorro, isilpean. Ohartzerako Zumaiara beraneatzera joaten diren neskatila katalanen aita izatera pasako naiz, eta hori gure garaiko eibartar beraneanteen seme-alaba zumaiarrek esango didate, gainera. Bizitzaren legea.

Amerikanuak filmak argi islatzen du bestela ere ezaguna den erbesteratuen errealitatea: etxea amets bizi dira, amesten duten hura jada existitzen ez den nostalgiaz. Joandako garai batean iltzatutako postal bat baino ez baita haien herrimina: Inpernupeko haitzetan itsasoak uzten zizkigun altxorrak, etxepeko lagunekin egindako txabolak, ikastolako urratuak, Gazte Batzordeko ametsak, plaieroak, melenak eta taberna zuloak.

Beste zumaiar batek (nahiz eta hark ere gaur egun ezingo zukeen kotxea bere gurasoen etxe atarian aparkatu) Amandriaren altzoan ipuin bilduma idatzi zuen adinean aurrera zihoala. Eta zer pentsatua ematen dit Julene Azpeitiak Zumaiatik kanpo hainbeste urte zeramatzala, liburu bati hain izen zumaiarra jarri izanak. Agian ez dago dena galduta! Eta nongoak garen ez dute oraindik paperek erabakitzen.