Zumaiako Udalak herritarren eskura jarri ditu herriko lorategietatik aldatutako loreak

Erabiltzailearen aurpegia Eman Ziaboga 2016ko mai. 21a, 10:28

Modu honetan, Udalak, aukera ematen die zumaiarrei, lorategietatik kendu diren neguko landareak hartzeko. 

Era berean, ekimen honen bitartez, udal gobernuak berrerabilpen bat eman nahi izan die loreei, ingurumenarekiko eta honen jasangarritasunarekiko egiten duen apustua berretsiz. Uda iristear dagoela, Zumaian, lorategietako loreak aldatzeari ekin diote; negukoak kendu eta uda sasoiko landareak landatzen hasi dira. Honen aurrean, udal gobernuak, berrerabilpen bat eman nahi izan die loreei eta, landare hauetako asko egoera onean daudela ikusirik, herritarren eskura jartzea erabaki du, jada otsailean, kimaketaren ondorioz pilatutako egurrarekin egin zuten bezala.

Horiek horrela, gaur 12:00etatik aurrera eta asteartea bitarte, zumaiarrek, egun hauetan zehar herriko lorategietatik kenduko diren eta egoera onean dauden loreak jasotzeko aukera izango dute. Horretarako bi gune ezarri ditu udalak: Beheko Plaza bata eta Guascorreko aparkalekua bestea. Ekimen honen bitartez eta landareei berrerabilpen bat emanez, udalak helburu du, ingurumenarekiko egiten duen apustuan, naturarekiko errespetua eta jasangarritasuna lantzea eta zumaiarrak animatzen ditu landareak hartzera eta berrerabiltzera eta bide batez, keinu honekin, naturarekin bat egitera.