“Jendeak itxialdia errespetatzen badu, Peruko gobernuak itxaropena izango du berrogeialdia ez dela kolapso batera iritsiko”

Erabiltzailearen aurpegia David Juliá 2020ko mar. 28a, 12:00

Martxoaren 15a, igandea zen. Herradura deritzon hondartzara joan ginen ilunabarrean Peruko olatu ezagunenetariko bat ikustera. Malekoian garagardo bat hartu eta ikuspegi ederraz gozatu genuen, etxetik nahiko gertu genuen paradisu txiki horretan.

Uretatik irten zen gizon batek komentatu zigun maiatza eta ekaina aldera dela olatu ederrenen garaia, eta egun horretakoak txikiak omen ziren. Bueltatuko ginela esan genion, martxoan zehar, baina baita apirilean, maiatzean eta ekainean ere. Herraduratik pasean, Frailearen saltoa deitzen dioten haitzean itsaso ilunari begira geratu, eta bertatik taxi bat hartu genuen etxerantz. Taxistak, gauean, Peruko presidentea den Martin Bizcarrak hitz egingo zuela esan zigun. Polizia den lagun bat zuela ere komentatu zigun, Espainian berrogeialdia ezarri berri zutela, eta Peruko muga guztiak ixteko asmoa zuela Bizcarrak.

Astelehenean berrogeialdiarekin esnatu ginen. Ez genuen denborarik izan hamabost eguneko koarentenarako prestatzeko. Ordura arte ez ginen etxean asko egoten eta lanean Internet nahikoa erabiltzen genuen. Egun batetik bestera, etxean aurkitu ginen, hirurok, liburu pare batekin, wifirik gabe eta balkoi edo terraza bat bera gabe. Astelehenean, Kennedy parkean izan nintzen, estankoa irekita egongo zelakoan, baina dena itxita zegoen, eta polizia agresibo zebilen; jendeari parkean eserita ez egoteko oihukatzen zion. Gehiengoak ez zuen izan denborarik asimilatzeko zer egoeratan aurkitzen ginen.
Gaurko egunean, Martxoak 26, hamar egun igaro dira Perun itxialdia ezarri zutenetik, eta presidenteak egunero bezala prentsaurrekoa eman du. Itxialdia beste hamahiru egunez luzatzea erabaki du gobernuak.

“Entre ayer y hoy se han analizado 9.219 muestras. 8.639 son negativas y 580 son positivas”.

“En las últimas horas se ha detenido a 2.568 personas, lo que hace un total de 21.074 detenidos que hicieron caso omiso al estado de emergencia”.

“Se ha tomado la decisión de realizar un llamamiento extraordinario de la reserva orgánica del Ejercito de los licenciados de los tres ultimos años”.

“Con los que incumplan vamos a ser más estrictos”.

Perura iritsi bezain laster ohartu nintzen albistegi nazionalak duen izaera dramatikoaz. Lapurretak, atxiloketak, bahiketak eta istripuen albisteak hartzen dute albistegi osoa, eta gaur egun koronabirusak.

Diferentzia soziala izugarria den hiriburu honetan, biztanleriaren zati handi batek ezin dezake jasan hamabost eguneko itxialdia; eguneko otordua izateko egin behar dute lan. Enplegu guztiak itxi zituen gobernuak itxialdiaren lehenengo egunetik. Elikagaiekin, komunikazioarekin, segurtasunarekin edo osasunarekin zer ikusia ez duten enplegu denak itxi dira. Azken bi urteetan Venezuelatik etorritako bidaiarien gehiengoa autobusetan goxokiak, txokolatinak edo izozkiak salduz bizi da, 30 zentimotan saltzen duten izozkiarekin.

Peru oso herrialde zentralizatua dela jakinarazi digute askotan. Deszentralizazio kulturala, ekonomikoa eta hezkuntza deszentralizatu baten bila lan egiten duen jende asko dago, baina Limatik egin behar dute lan haiek ere. Herri eta komunitate asko oso isolatuak bizi dira Perun, baina mugimendua handia da hala ere. Minategi eta mina kanpamentuak izugarriak dira, baita hauengatik kaltetutako komunitateak ere. Osasun hutsune handi hori duten komunitatera virusa iristen bada, oso kaltegarria izan liteke. Hala ere, quechueraz ematen duten albistegian komunitate ezberdinak distantzia soziala eta prebentzio neurriez hitz egiten ari direla ulertu dugu.

Uste dut gobernuak esperantza txiki bat izan dezakeela itxialdia garaiz hartu eta jendeak ahal duen neurrian errespetatzen badu, berrogeialdia ez dela kolapso batera iritsiko. Ikusiko dugu nola borobiltzen den egoera. Bien bitartean, begi batekin zumaian eta beste batekin Liman jarraituko dugu.