Welcome to Europe

Erabiltzailearen aurpegia David Juliá 2018ko ira. 16a, 17:44

Lesbos irla entzutean denok ditugu gogoan 2015eko udazkena eta egun haietan ikusitako argazkiak, errefuxiatuz beteriko txalupen irudiak, irailaren 2an, Nilufir Damir argazkilariak ateratako Aylan umearen argazkia, izara isotermikoekin babestutako umeen irudiak edo Balkanetako bide luzeetako ibilaldiak. Siriako gerra pil-pilean eta Europa errefuxiatu haiekin zer egin pentsatzen. Denbora gutxi behar izan zuen Europar Batasunak egoerari aurre egiteko, 2016ko martxoaren 18an iritsi zen Turkiarekin akordiora, dirua errefuxiatuen truke. Europan egon den egunik lotsagarriena.

“Ongi etorri Europara!”, esan nion gazte bati gauez hiru ordu itsasoan pasa ondoren, baltsatik ateratzen laguntzeko eskua ematen nion bitartean. Ez naiz gai izan esaldi hori errepikatzeko hurrengo geltokia zein den jakinda. Harrera epela egiten saiatzen gara, momentu batez salbu daudela erakutsi, polizia iritsi eta Moriako errefuxiatu kanpamentura eramaten dituzten arte.

Moria kanpamentuak, ofizialki, 3.100 pertsona izan ditzake gehienez. Gaur egun 8.900 pertsona baino gehiago bizi dira egoera jasanezinean. Militarrek emandako janaria jasotzeko hiru edo lau orduko ilarak egin behar izaten dituzte metro erdiko zabalera eta txarrantxak dituen korridore batean zehar. Janaria, arroz zuria ogi zati batekin, egoera txarrean dagoen oilasko zatia edo kasu onenetan, haburgesa zati bat izan daiteke, tomate pixka batekin. Intimitaterako lekurik gabe eta mugitzeko espazio minimoarekin, gaua iristean beldurra eta tentsioa biderkatu egiten dira. Maiz ikus daitezke familiak berandura arte paseatzen kostaldean edo errepidean Moriara buelta egiteko beldurrez. Gauero gertatzen baitira borroka bortitzak, edo ume, emakume eta gizonen bortxaketak. Lau urteko ume bat taldean bortxatua izan da azken astean. Hotzikarak sortzeko moduko egoerak.

Medicines Sans Frontiers-eko (MSF) langileek kontatzen digute umeak edo kasu oso larrienak bakarrik arta ditzaketela, ez baitute gehiago artatzeko ahalmenik. Gainera, artatzen dituzten trauma psikologiko gehienak Morian sortutakoak direla kontatzen digute; hamar urteko ume batek bere buruaz beste egiteko saiakera, besteak beste, azken astean. Errefuxiatu lagunek askotan esan digute, aukeran, etxean geratuko liratekeela. Inondik inora ez zutela egoera hau espero. Europak ongi etorria emango ziela uste zuten. 

Morian bizi ez direnak pisuetan edo kanpamentu txikiagotan bizi dira, batzuek nahiago dute kalean bizi Morian baino. Hainbat proiektu eta talde egoera leuntzen saiatzen gara, irribarre bat, igeriketa ikastaro bat, egun pasa egiteko espazio bat, laguntza legala, janari epela edo adiskidetasuna eskainiz. Beti korrontearen kontra, proiektuak zabaltzen, gobernua horiek ixten saiatzen den bitartean.

Irla hau inguratzen duten muga natural eta artifizialek kartzela ireki bihurtzen dute. Egoera bortitzetatik ihes egin duten pertsona hauek mendi, itsaso eta desertuak zeharkatu dituzte, bizimodu hobe baten itxaropena galdu gabe, irla honetara iritsi, eta ametsak zapuztu zaizkie. Amestutako Europa hori mugatua dela konturatu dira, ez da leku segurua, faxismoa dute muga horien zaindari, Europar Batasuna. Europaren arrazismoari aurre egitea da euren egunerokoa.