Darahliko gazteek begirale lanak egingo dituzte Bakeleku Udalekuetan

Erabiltzailearen aurpegia Darahli Elkartea 2019ko eka. 28a, 16:28

Saharako kanpalekuetatik etorritako haurrek aurten ere Bakeleku Udalekuetan parte hartzeko aukera izango dute. Aurten ere Larrabetzuko herrian izango da, eta Zumaiako Darahli elkarteko gazteak dagoeneko begirale lanetan dihardute.

Aurten 10-12 urteko 32 neska-mutil saharar egongo dira bertan.  Esperientzia honetan, eta udako bi hilabetetan, 70 bat gaztek parte hartuko dute, hamar asteko taldeetan banatuta, eta txanda bakoitzean sei edo zazpina. Lehen txanda ekainaren azken astean hasi da.

Begirale hauek egin beharreko lana apartekoa da: eguneroko ohiko ekintza guztiak gestionatu (janariak, gelak, arropa garbitu eta jaso, garbiketa orokorra, umeak dutxatu,… ), kirol eta tailer ezberdinak antolatu, irteera desberdinak egin: igerilekura, hondartzara, inguruko herriak ezagutzera. Eta nola ez, ume guztiak mediku azterketa egitera eraman, bereziki batzuk dentistarengana, behar handia baitute.

Beraz, eskerrik beroenak proiektua aurrera eramaten laguntzen diguten elkarte, erakunde eta familia guztiei, bereziki, Flysch Trail mendi lasterketaren antolatzaileei sobratutako edariak eta janari guztia eman digutelako.